Ibilbideak: Gueñes

Lurraldeak

Ibilbide mota

Jose-k sortua, 2018, abendua 28 - 12:02
Kategoriak Gueñes
ABIAPUNTUA Arbori lepoa
Eskema Arbori lepoa – La Berenilla aterpea – Eretza

Mendi ezaguna da Eretza. Trianoko Mendien artean garaiena izan arren, inguruan badira erraz gainditzen duten tontorrak. Baina asko nabarmentzen da, eta tontorreko malkarrek izaera berezia ematen diote, urrunetik erraz antzematen delarik.

Ibilbide honek PR BI 107aren marka zuri-horiak jarraitzen ditu. Eta bestela ere ez legoke arazorik, bidea oso nabarmena eta garbia baita. Ibilbide laburra da, baina aldapatsu xamarra, Eretzaren alde leunetik igo arren, ekialdeko suebakitik igotzen den bidea are aldapatsuagoa baita.

Jose-k sortua, 2011, urria 24 - 09:24
Kategoriak Bizkaia, Gueñes
ABIAPUNTUA Saratxo
Eskema Saratxo – Zaula – Camporredondo – Eretza – Los Helechos – Zaula – Saratxo

Saratxo auzunean kotxea aparkatzeko aukerarik ez dagoenez, auzunera iritsi baino lehen azken bihurgunean ezkerretara irteten den hartxintxarrezko bide bat hartuko dugu, eta kilometro erdi inguru aurrerago dagoen bihurgune batean utziko dugu kotxea, bide bazterrean. Eretza ikus dezakegu toki honetatik.

Botak jantzita, eta motxila bizkarrean, ibilaldiari hasiera emango diogu. Bide nagusia jarraitu beharrean mendebalderantz doan bidexkatik joko dugu. Bide asko elkartzen diren lepo batetara iristean, suebakian gora doan bidezidorretik jarraituko dugu. Malda gogorrari aurre eginez gorantz goazela, bide nagusiagoak gurutzatuko ditugu, daramagun norabideari eutsiz beti ere. Camporredondo izenaz ezagutzen den muino batetara iristean, Eretzaren ikuspegi ederra izango dugu aurrez aurre. Suebakian zehar jarraituko dugu, maldan behera tarte labur batez, eta berriz ere gora, geroz eta aldapa handiagoarekin. Eretzako tontorretik behera jausten diren malkarretara iritsi baino zertxobait lehenago, bidezidorrak eskuineko altzifre basora eramango gaitu, malkarrak gainditu ahal izateko pasarte eroso baten bila. Eta laster tontorrera iritsiko gara.