Ohiko galde-erantzunak

Webgunea erabili nahiz parte hartzeko orduan sort daitezkeen zalantzak argitzeko orria da hau. Behar duzun erantzuna aurkitzen ez baduzu, galdetu lasai.


Hau gure natur-ingurunea eta ondare historiko-artistikoa ezagutu eta ezagutzera emateko asmoz sortutako webgunea da. Jasotzen duen edukia elkarlanean osatua da eta nahi duenak parte hartzeko moduan eratua dago, edukia kudeatzeko sistema baten gainean.

Erabiltzaileek erantsitako eduki gehiena (orriak, argazkiak, oharrak) bere izenean gordeta gelditzen da eta nahi duenean ezabatu dezake, baldin eta gainontzeko erabiltzaileei eragozpenik sortzen ez badie. Esaterako, mendi berria erantsiz gero, mendiaren orria ez da ezabatuko, gainontzeko erabiltzaileek erabili egingo dutelako (bertan egonak diren ala ez markatzeko esaterako), baina nork bere argazkiak noiznahi ezabatu ahal izango ditu.

Lehenengo egitekoa webgunean kontua sortzea da. Erregistratu eta izena emanez gero, webgunean bertan ikusiko duzu bera osatzeko edozein erabiltzaileri eskaintzen zaion hainbat aukera: orri berriak sortu, argazkiak eta oharrak erantsi, argazkiak baloratu, e.a.

Webgunea elkarlanean egina da, hainbat lagunen artean osatu dira orain jasotzen diren edukiak. Webgunearen sortzailea Inaxio Elizegi da, Errenteria aldeko kide bat. Bera da webguneko okerren erantzulea eta dagozkion gastuak ordaintzen dituena; ez da inongo erakunderen dirulaguntzarik jasotzen webgune honetarako.

Webgunean jasota dauden megalitoen datuak hainbat iturritatik jaso dira. Megalitoen fitxan egiten da bakoitzaren iturburuaren aipamena.

Nafarroako gehienak HilHarriak taldekoek osatutako zerrendatik jasoak dira, eta baita beste zenbait artikulutatik. Gipuzkoakoak Arantzadiren Gipuzkoako Karta Arkeologikotik jasoak dira, eta Bizkaikoak Bizkaiko Karta Arkeologikotik.

Megalitoen kokapena ez da beti zehatza, askotan mapak erabiliz ezarritako kokapena da jasota dagoena eta, ondorioz, errore-tartea 100, 200 edo 300 metrokoa izan daiteke, inguruaren arabera.

Megalitoen kokapena zehazten joatea da gure asmoetako bat eta, esan beharrik ez dago, gustura jasoko genuke zuen laguntza zeregin horretan. Megalitoaren kokapenaren inguruko daturik eman nahi izanez gero, nahikoa duzue komentario batean eranstea dagokion orrian.

Kokapena zehazteko era egokiena GPSaz bertan jasotzea izango litzateke, baina gogoan eduki behar da GPSak berak ere baduela errore-tarte bat, eta tarte hori handi xamarra izan daitekeela ingurua eta egoeraren arabera, alegia, aparatuari seinalea egoki jasotzea eragozten dioten elementuen arabera (basoa, eguraldia, orografia itxia...).