Menditxusia, Araxamendi eta Borrokoxko Erremendiako askaldegitik

zuriain-k sortua, 2009, maiatza 6 - 12:39
Ibilbide mota Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Zailtasuna Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Nafarroa
ABIAPUNTUA Erremendiako askaldegia
Lotuta »Menditxusia (mendi) »Menditxusia, Araxamendi eta Borrokoxko Erremendiako askaldegitik (ibilbidea) »Borrokoxko (mendi)
Gora-behera-
Luzera-
Iraupena0:00 - 0:15
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Menditxusia, Araxamendi eta Borrokoxko Erremendiako askaldegitik
MAPA: Menditxusia eta Araxamendi

Nahiko ezezaguna izan arren, Erremendiako zonaldea Nafarroako ederrenetarikoa da. Bakardade horrek gainera bertako paisaia eta fauna paregabeaz gozatzea ahalbidetuko du jende segizio etengabeekin topo egin gabe.
Eaurta eta Abaurregaina artean dagoen Erremendiako gainean hasten den errepidean gora eginen dugu. Laster patata hobetzeko etxe zaharrera iritsi eta ezkerreko pista hartuta berehala iritsiko gara askaldegi batera. Bertan autoa utzi eta askaldegiaren ATZEAN hasten den lurrezko pistan gora eginen dugu, basoaren itzalpean, hego-ekialderantz. Kontuz ibili beharko dugu eskuineko pista ez hartzen, hori jaisteko erabiliko baitugu. Bideak Kontingo harratera zuzenean eramanen gaitu. Ezkerrean Menditxusia dugu ikusgai. Biderik gabe, baina zailtasun handirik gabe igoko gara. Goiko harkaitzek eta ezpelek bidea trabatuko digute noizbait, baina oztopo gaindiezinik jarri gabe. Ikuspegia mugatua baina ederra da gailurretik. Kontingo harratera itzulita, PR baten kartela ikusiko dugu larrean. Erakusten digun bidea hartu eta basoan gora eginen dugu mendi bizkarreraino iritsi arte. Bertan bidea utzi eta baso garbian gora eginen dugu. Azken txanpan kontu handixeagoz ibili beharko dugu, ezpelek eta harkaitzek traba eginen baitigute. Ezkerretik hartuko dugu, bidexka estuetan gora gailurra osatzen duten harkaitzen azpian jarri arte. Araxamendiko gailurra toki ikusgarria da, harrizko monolito erraldoiez osaturiko gailurra baita hau. Kontuz ibili beharko dugu haietara igo nahi izanez gero, erortzeko arrisku handia baita.
PRa utzi dugun tokira itzulita, seinaleak jarraituko ditugu mendian behera. Laster pista handiago batera aterako gara, eta berehala Askaxarra izeneko iturrira iritsiko gara. Handik hurbil Askaxarreko larre zoragarriak daude, otordua hartzeko toki ezin aproposagoa. Askatik bertatik gora egin dezakegu noizean behin bidexka lausoak jarraituz, basoa zabal eta garbia baita. Malda laztu eginen da goialdera hurbildu ahala, baina igoera ez da oso luzea. Mendi bizkarrean alanbre hesi batekin topo eginen dugu. Hobe dugu lehenbailehen igarotzea, hegoaldeko isurialdea askoz ere garbiagoa baita. Merezi du bertako paisaia ikustea. Bidexka ugari daude gailurrera hurbilduko gaituztenak. Gailurretik ez dugu ikuspegi handirik izanen, baina apur bat jaitsik mendebalderantz, talaia ikusgarri batera iritsiko gara.
Itzultzeko, bide beretik Askaxarrera itzuli eta pista nagusiak askaldegira eramanen gaitu ordu erdi batean. Itzulera luzatu nahi izanez gero, gailurretik mendebalderantz jaits gaitezke (bidexkak ezpelen artean) eta hortik Arnazu mendia eki edo mendebaldetik inguratu (bietan pista eta bide onak daude) eta Aretako larre zabaletara iritsiko gara. Belardietako ipar-ekialdeko muturrean bide seinalizatu bat dago zuzenean askaldegira eramanen gaituena. On egin! ZURIAIN

EranskinaTamaina
Menditxusia-Arbaxamendi.gpx64.17 KB
Irudiak