Leitzalarreatik abiatuta Urepel, Mandoegi eta Altzegi lotzen

Enviado por Jose el 2007, Abril 21 - 17:12.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Gipuzkoa, Nafarroa
ABIAPUNTUA Leitzalarrea
Esquema Leitzalarrea - Urepel - Mandoegi - Altzegi - Leitzalarrea
Relacionados »Altzegi (mendi) »Mandoegi (mendi) »Urepel (mendi)
Gora-behera750 m
Luzera11.7 Km
Iraupena3:00 - 4:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Adarra – Mandoegi mendikatearen hegoaldeko ertzean kokatuta, Urepel, Mandoegi eta Altzegi mendikateko tontorrik garaienak dira. Leitzalarrea bailarako Izkibar (edo Ezkibar) atsedenlekua abiapuntu egokia da tontor horietara igotzeko.

LEITZALARREA (595 m.)

Leitzalarreara joateko, Leitzako erdigunetik tren geltokira igotzen den errepidetik igotzen hasi eta geltokira iritsi baino lehen ezkerretara irteten den bidea hartu behar da. Errepidearen bukaeran Leitzalarrea erreka gurutzatu eta Izkibar atsedenlekura iritsiko gara. Autoa utzi eta bertatik hasiko dugu ibilaldia.

Atsedenlekuaren ondotik iparralderantz doan bidetik joko dugu. Laster aurkituko dugun bidegurutzean eskuineko bidea hartu eta baserri baten aldamenetik igaroko gara. Zertxobait aurrerago bideak eskuinerantz bihurgune estu bat hartzen du, eta baserriaren gainaldetik pasatuko gara.

Aldapa lasaiarekin gorantz egiten du bide honek. Ipar-mendebaldean dugun Altzegi eta hegoaldean dugun Eguzkizko muinoaren gero eta ikuspegi hobeak izango ditugu Leitzalarreako bailararen gainetik altura hartu ahala. Txabola baten ondotik pasatuko gara. Aurrerago ezkerretara bihurgune itxi bat hartuko dugu. Ondoren eskuinerantz bihurgune zabal bat hartzen joango gara, eta pagadian sartu aurretik Urepel ikusiko dugu gure aurrean.

Pagadian goazela harri-pila batekin adierazitako bidegurutze bat aurkituko dugu. Bidea utzi eta eskuinaldeko bidezidorretik jarraituko dugu, hegian gora.

Pagaditik irtetean garosail batetan gora egingo dugu, aldapa gogorragoarekin. Urepeleko tontorra begi-bistan dugu. Bide honek Urepelen ezker magalean dagoen langa batetara eramango gintuela ikus dezakegu. Bertara iritsi aurretik eskuinera joko dugu, zelaian gora bide garbirik gabe Urepeleko tontorrera iritsiz.

UREPEL (1056 m.; 1h)

Ipar-ekialderantz jaisten hasiko gara, mendi-bizkarrari jarraitzen dion bidezidorretik. Tarte lau baten ondoren berriz ere aldapan behera egiten du bideak, eta ehiza postu baten ondotik pasatzen da. Adi! Ezkerretara jo behar dugu, iparralderantz. Zuhaitz artetik irten eta Mandoegi ikus dezakegu aurrez aurre. Aldapa bat jaitsi eta berriz ere zuhaitz artean sartuko gara, nahiko laua den tarte batetan. GR 121 bideari elkartuko gatzaizkio, eta laster Urepel eta Mandoegi banatzen dituen Irumugarrieta lepora iritsiko gara (960m.).

GR bideak Mandoegi hego-mendebaldetik inguratzen du. Guk tontorrera igo nahi dugunez, langa pasatu eta gora egingo dugu uren banalerroa jarraituz.

MANDOEGI (1045 m.; 1h25’)

Larrez estalitako gainaldea du Mandoegik, eta ikuspegi ederrak eskaintzen ditu norabide guztietan.

Ikuspegi horietaz gozatu ondoren itzulerari ekingo diogu. Irumugarrieta lepora jaits gintezke igo garen bide beretik, baina horren ordez ipar-mendebalderantz jaitsiko gara, Mandoegi Abadegurutz Baratzazarreta muinoarekin banatzen duen Ezkaiztegiko lepora (938 m.). Langa zeharkatu eta hego-ekialderantz joko dugu, Mandoegi hego-mendebaldetik inguratzen duen bidetik. GR bidearen marka zuri-gorriak ikusiko ditugu berriz ere.

Irumugarrieta lepora iristean (960 m.; 1h50’), Urepeletik hona ekarri gaituen bidea hartuko dugu, baina tarte labur batetan bakarrik jarraituko dugu. Zertxobait aurrerago, Urepelerantz igotzen jarraitu beharrean, eskuineko bidezidorra hartuko dugu GR bidearen markak jarraituz. Iturri bat aurkituko dugu laster bide ondoan. Bide honek Urepel ipar-mendebaldetik inguratzen du, eta ibilaldiaren hasieran ikusi dugun langara iristen da (1010 m.; 2h5’).

Langa zeharkatu eta eskuinerantz jaitsiko gara hesia jarraituz, Altzegi aurrez aurre dugula. Kondizaratz lepoan (892 m.) GR bideak beherantz egiten du, ezkerrerantz. Guk ordea zuzen jarraituko dugu. Aldapa gogorra igota, Altzegiko gailur luzexkara iritsiko gara.

ALTZEGI (1019 m.; 2h30’)

Hego-ekialdean gure azpian ikus dezakegun Izkibar atsedenlekura jaistea baino ez zaigu falta ibilaldia bukatzeko. Kondizaratz lepora itzuli, eta GR bidea hartuko dugu berriz ere, eskuinerantz lepotik behera. Metro batzuk jaitsi eta eskuinerantz egiten du bide honek, zeharka jaisten jarraitzeko. Pagaditik irtengo gara, eta otea ugari den tarte bat zeharkatuko dugu, berriz ere basoan sartu aurretik. Altuerarik galdu edo irabazi gabe Altzegiren hego-ekialdeko magalean zeharka jarraituko dugu. Bidea zabaldu egiten da.

Zertxobait aurrerago basotik irtengo gara, baina bidearen azpialdean basoa izaten jarraituko dugu. Laster ordea, bidearen azpialdean txilar eta garo sail aldapatsu bat irekitzen dela ikusiko dugu, eta arretaz begiratzen badugu basoaren ertzetik zuzen behera egiten duen bidezidor bat dagoela ohartuko gara. Bertatik joko dugu. Aldapa oso handia da. Ezkerrak beherantz goazela! ;-P

Tarte bat basotik egin eta beste garosail batetara irtengo gara. Zuzen behera jarraituz aitaren batean bailararen barrenera iritsiko gara. Errekatxoa zubi txiki baten bitartez zeharkatu, eta ibilaldiaren hasieran jarraitu dugun bideari elkartuko gatzaizkio. Zuzen jarraituz, baserriaren ondotik pasatu eta Izkibar atsedenlekura iritsiko gara (595 m.; 3h40’).