Artubi eta Balerdi arteko gandor zorrotza

Jose-k sortua, 2006, abendua 12 - 19:47
Ibilbide mota Joan-etorria bide beretik
Zailtasuna Zaila
Lurraldea Gipuzkoa, Nafarroa
ABIAPUNTUA Amezketa
Eskema Amezketa – Buruntzuzin – Astunalde – Artubi – Balerdi
Lotuta »Balerdi / Mallozarra (mendi) »Artubi eta Balerdi arteko gandor zorrotza (ibilbidea) »Artubi (mendi)
Gora-behera1100 m
Luzera12 Km
Iraupena3:00 - 4:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Jarraian azaltzen den ibilbidea, Amezketatik abiatuta Artubi eta Balerdiko tontorretara iristen da. Igo beharreko altuera handia denez ibilaldi gogor xamarra da. Eta Balerdiko gandor zorrotza zeharkatzeak xarma berezia ematen dio.

AMEZKETA (205 m.)

Ibilaldia Amezketako elizatik hasiko dugu, honen eskuinaldetik hilerrirantz, eta han errepidea utzi eta hilerriaren ezkerretik gorantz doan bidezidorra hartuko dugu. Laster errepidearekin egingo dugu topo. Errepidea gurutzatu eta beste bidezidor batetik jarraituko dugu, bertan behera utzitako baserri txiki batera iritsi arte. Espila Saletxe du izena eta Fernando Amezketarra bertsolari ezaguna jaio zen bertan. Baserrira iristen den errepidetik gora egingo dugu tarte labur batez, ezkerretara bidezidor bat ikusi arte.

Bidezidor hau jarraituz, errepidearekin egingo dugu topo berriz ere. Metro gutxi batzuk errepidetik egin eta ezkerraldetik abiatzen den bidezidorra hartuko dugu, hasieran zelai baten ertzetik, nolanahi ere beti zuhaitz artean, eta gero basoan zehar, errepide batetara irten arte. Oraingoan errepidetik jarraituko dugu bihurgune itxi batetara iritsi arte.

Bihurgune honetatik gertu Arritzaga erreka pasatzen da. Errepidea utzi, egurrezko zubi batetik erreka gurutzatu eta erreka jarraituz gorantz egiten duen bidezidor batetik jarraituko dugu. Amezketatik honaino aldapan gora etorri gara eten gabe, baina lasai xamar. Hemendik aurrera aldapa gehixeago izango dugu. Bide honek, Arritzaga bailaran gora Igaratzaraino eraman gaitzake, baina guk Buruntzuzineko mehatzetaraino bakarrik jarraituko dugu.

Hasieran baso artean joango gara. Txabola baten ondotik pasatuko gara. Ondoren basotik irten, eta errekako zenbait ur-jauzi eta putzu ikusiko ditugu. Zertxobait gorago, aipatutako Buruntzuzineko mehatzetara iritsiko gara.

BURUNTZUZIN

Duela zenbait urte mehatze ustiapenak egon ziren inguru honetan. Gaur egun eraikin batzuen hondakinak, eta materiala garraiatzeko erabiltzen zuten polea eta kable bidezko sistemaren hondarrak ikus daitezke, mehatzen ahoez gain.

Zeharka gora egiten duen bidetik jarraituko dugu, beste bide bati elkartu arte. GR 121 (Gipuzkoako bira) ibilbidearen marka zuri-gorriak ikusi ditzakegu bide honetan. Gorantz egin eta Buruntzuzineko artzain-txabolak dauden sakonune txikian sartuko gara (850 m.; 1h15’).

Ipar-ekialderantz joko dugu, Artubi eta Uakorri arteko bailara aldapatsuan gora, atsedenik gabe, Astunaldeko lepora iritsi arte.

ASTUNALDEKO LEPOA (1220 m.; 1h40’)

Ibilaldiko zatirik gogorrena gainditu dugu. Artubiko tontorra gertu-gertu dugu, iparraldean (1262 m.; 1h45’).

Artubitik Balerdira joateko, bi tontorren arteko gandor zorrotza zeharkatzea baino ez zaigu falta. Horretarako, ekialderantz jaisten hasiko gara. Hasieran gandorra nahiko zabala da, baina laster estutu egiten da, eta derrigorrean bere puntatik joan beharko dugu. Kontu handiarekin ibili behar dugu tarte honetan, zaila ezten arren ezker-eskuin dagoen altuerak pausu bakoitza arretaz ematea eskatuko digu.

BALERDI (1195 m.; 2h)

Artubitik Balerdira ia dena aldapan behera da. Bukaeran bakarrik igo behar da, baina metro batzuk baino ez, Balerdiko tontorreko gurutze eta txartelontziak harrapatzeko.

EranskinaTamaina
Amezketa-Buruntzuzin-Balerdi.gpx91.91 KB

Oharrak:

Aipatu behar, nola ez, Artubi eta Balerdi arteko gandorrak arreta handia eskatzen duela, eta bustita baldin badago arriskutsua izan daitekeela.

Mapan ageri den arrasto urdina dagokio ibilaldi honi.

Irudiak


****

***

*****

****

***

***

****

****

****

*****

****

****

****

***

****

****