Artzanegi, Umandia eta Albeiz Lezetik

inaxio-k sortua, 2016, azaroa 2 - 20:17
Ibilbide mota Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Zailtasuna Zaila
Lurraldea Asparrena
ABIAPUNTUA Lezea (Ilarduia)
Eskema Lezea - Artzanegi - Umandia - Albeiz - Lezea
Lotuta »Albeiz (mendi) »Umandia (mendi) »ATXIPI (megalitoa) »Artzanegi, Umandia eta Albeiz Lezetik (ibilbidea) »Atxipi (mendi)
Gora-behera800 m
Luzera11 Km
Iraupena3:00 - 4:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Artzanegi, Umandia eta Albeiz Lezetik
Umandia tontorra

Lezearen inguruko aparkalekuetatik abiatu eta GRaren arrastoak jarraituko ditugu Mendebaldera, hariztiaren itzalean aurrera egiten duen basa-pista zabal batetik. Basotik atera eta larre eremu txiki batera helduko gara laster. Erne hemen, ze ez erraza arrasto egokia jarraitzea: IEra jotzen du eta harripila eta marka zuri-horiz markatuta dago. Hasiera honekin asmatuz gero errazago jarraituko dugu gora egin ahala, arrastoa nabarmena baita.

Bide harritsuan gora eginez, artadiaren itzalean askotan, erreka zoko batera gerturatuko gara (lehortutako errekasto bat baino ez uda partean). Erne puntu honetan, ze jarraitu beharreko bideak ez du errekasto hori gurutzatzen, bideak eskubi aldetik jarraitzen du bide-arrasto nagusia utzita, bere marka zuri-hori eta harripilekin, errekasto horretara heldu baino lehen.

Bidea galdu ezean laster helduko gara pagadi batera. Han markatutako bidea utzi eta eskubi aldeko aldapa gogorrean gora egiten du arrastoak, txarrantxazko hesi zahar baten aldamenetik, Artzanegiko lepora heldu arte. Eskuma aldean topatuko duzuen Artzanegi tontorrera heltzeko bidezidorra.

Umandia aldeko bidea nabarmena da, larre zabalean lehendabizi eta pinudian barrena gero, Umandiako Hegoaldeko lepora heldu arte. Han karaitzezko aldapa gogor batekin egingo dugu topo. Bada bidezidor arin bat Ekialdeko bizkarraren bila abiatzen dena: huraxe jarraitzen du arrastoak. Bizkarrera heldutakoan ez da bidezidor nabarmenik ageri, han eta hemen topatuko dituzuen bidezidor arinak bilatuz egin beharko duzue gora. Ehiza postuek balio dezakete bestela erreferentzia moduan. Tontorrera gerturatzean bizkarra estutu eta karaitzezko gardor bihurtzen da. Aparteko zailtasunik gabe helduko zarete tontorrera.

Tontorretik Atabarrate aldera jaisteko bada bidezidor bat pagadian behera egiten duena. Arrastoak hura jarraitzen du tarte batean, baina mendatea bera saihestuz HMko isurialdean behera egiten du. Tarteren batean bidez kanpo ere bai, berriro ere arrasto zuri-horiak topatu arte. Laster helduko gara basa-pista zabal batera. Pista gogaikarri horri jarraituko diogu Apota alderaino. Albeiz tontorrari bisita egin eta beheranzko bideari ekingo diogu.

Jaitsiera hori da ibilbidearen tartetik zakarrena eta nahasiena eta horregatik jarri dut ibilbide hau "zaila" dela. Arrastoak Albeizko aldapa harritsuaren oinetik behera egiten du, bidezidor kaotiko bati jarraituz, batzuetan sasi artean, harri-gainetik bestetan, nola-hala pagadi batera heldu arte. Pagadi horretan behera eginez errekasto batera helduko gara. Bideak errekaren ezker aldetik jarraitzen du tarte batean, iratze artean galduta hasieran eta karaitza nagusi den eremu batean zehar gero. Aurrerago berriz erreka-zokora jaitsi eta honen hondo harritsu eta lehorretik jarraitzen du tarte luze batean. Harripila batzuek erakusten dute bidea tarte horretan.

Errekasto lehorra gurutzatzen duen bidezidor nabarmen batekin egingo dugu topo beherago. Hau bai, hau marka zuri-horiz markatuta dago. Honi jarraituko diogu hasieran topatu dugun bidegurutzera heldu arte.

EranskinaTamaina
Lezea-Umandia-Albeniz.gpx137.48 KB
Irudiak