Orhi eta Holtzarte lotuz

Enviado por ietxaburu el 2007, Junio 26 - 17:29.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zaila
Lurraldea Iparraldea, Nafarroa
ABIAPUNTUA Logibar (Holtzarteko parkina)
Esquema Logibar-Larrañe-Erroimendi-Alupiña-Orhi-Erroimendi-Holtzarte-Logibar
Relacionados »Orhi (mendi) »Orhi eta Holtzarte lotuz (track)
Gora-behera2000 m
Luzera28 Km
Iraupena8:00 - 10:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Logibarretik abiatuko gara. (Holtzarteko arroilaren sarrera). Bertan, parkina badago eta kotxea uzteko arazorik ez dago.

Errepidea jarraituko dugu Larraine herriraino. Herriaren sarreran, kamino nagusia eskuinetara utzita, ezkerretik beste herriko kale bat dago. Hemendik segi eta berehalaxe, ezkerretara, etxe baten ondotik, mendian gora bide bat hasten da. Ez dago inolako kartelik, baina bi edo hiru minutu ibili ondoren, Erroimendira doala seinalatua dago.

Hasieran, bidea zelai eta zuhaitzen artetik doa, baina pixkanaka pixkanaka, gero eta zuhaitz gehiago dago eta azkenean pagadi bihurtzen da. Igoera honetan, beste bide eta pista askorekin gurutzatzen da, baina erne joanez gero ez dago bidea galtzerik, duda izan daitekeen leku guztietan, marra ori batek adieraziko baitigu aukeratu beharrekoa.

Bi orduko bidea eginda, San Josefen ermitatxora iritsiko gara. Ez da aukera txarra, gelditu eta Larrañe aldera dugun paisaiarekin gozatzeko. (Halaxe dio kantu zaharrak: San Josefen eremita, desertian gora da, Espainalat joatian han da ene pausada........).

Beste malda gutxiko hogeita bost minutu eta Erroimendiko lepoan gaude (1.362 m.). Hemendik igarotzen da, Larrainetik gora, tunelera doan errepidea, Nafarroara jarraitzeko. Aurre aurrean (hego-mendebaldera), Orhi mendia dugu, garbi ikusten delarik nondik jaitsiko garen.

Gure hurrengo helburua, Alupiña lepoa da. Horretarako, mendebalderantz joko dugu, hasieran belardi erosoetatik kota mantenduz. Beranduago, Orhiren iparraldeko maldak zeharkatuz, Ezpatagañe tontorraren azpiko aldera iritsi arte. Puntu honetan, Ezpatagañeren goiko aldean (bere hego aldean) dagoen lepora igo behar dugu (1.525 m). Ez dago bide markaturik, baina nahiko logikoa da eta cairn batzuk ere ikusten dira).

Hego-mendebalderantz jarraituz, Alupiña lepoaren azpian dagoen zirkuan sartuko gara eta inolako arazorik gabe, leporaino (1.735 m). Hemen, Bagargia lepotik (Iratiko txaletak) datorren bidearekin elkartu, eta hego-ekialderantz, Orhiren tontorreraino (2.017 m.). Lau ordu atera garenetik (hamarretakoa egiteko denbora kenduz).

Jaisteko, ipar-ekialderantz joko dugu, zuzen zuzen Erroimendi leporantz. Ez dago bide garbirik eta gainera goian amildegia dago, baina malkarren artetik oin arrasto bat dago. Arrasto hori hartzeko, tontorretik ipar/ipar-mendebalde aldera ehun metro eskas eginda (tontorra baino hogeita bost metro (gutxi gora behera) beherago, cairn bat aurkituko dugu eta horren ondotik oin arrastoa hasten.

Aurreneko ehun metroak jaisten, pixka bat erne ibili behar da, baina gero, maldak indarra galtzen du eta arazorik gabe itzuliko gara Eroimendiko lepora.

Baina orain, igo garen bidetik jaitsi beharrean, Holtzarte arroilera bideratuko gara. Horretarako, Erroimendiko lepotik bertatik, hego ekialdera doan pista zabaletik beherantz Arhanolatzeko bordaren ondotik jarraituko dugu. Bidea, errekaraino jaitsiko da eta zenbaitetan erreka ondotik joango. Errekak ur asko jasotzen du eta jauzi ikusgarriak egiten. Ordu beteko bidea eginda, Holtzarteren ezkerreko besoko goialdean dagoen urtegi batera iristen da. (800 m.). Baina, EZ DA URTEGIRAINO JAITSI BEHAR. Urtegira iristeko, pistaren azken bihurgunea baino pixka bat lehenago (urtegira bi edo hiru minutu falta direla), eskuinetara, harri batean MARRA URDIN bat dago margotua eta hantxe hasten den oin arrasto bat hartu behar da. Arrasto honek erreka baten gainetik igarotzeko, pasarela batera eramango gaitu eta jarraituz, urtegia inguratzen du, kontuz ibiltzea komeni den leku batetik.

Urtegiaren beste aldera iritsita, han beste pista hasten da. Ekialderako norabidearekin eta ia laua. Hogeita bost minutuko bidea eginda, pista bitan banatzen da: ezkerrekotik, zubi bat igarota, Larrainera eramango gintuzke, baina guk aurrera jarraituko dugu. Beste ordu laurden eta berriro bi aukera:. Eskuinekoa gorantz doa. Guk ezkerrekotik jarraituko dugu eta hogei minutu beranduago, pista utzi eta Holtzarteko pasarela famatura joateko hartu beharreko bidea markatzen du, eta halaxe egingo dugu, pista aurrera jarraituz, Olhadubin bukatuko genuke eta.

Beste hogei minutu malda behera, eta Holtzarte zeharkatuko dugu pasarela fotogenikotik (600 m.).

Gaurkoa bukatzeko ez da asko falta. Ordu erdi pasatxo, ondo prestatutako bidetik behera eta Logibarrera iritsi gara.

Notes:

Zaila bezala sailkatu dut, batetik bere gogortasuna kontuan hartuta. Eta bestetik, zenbait pasartetan, inguru bakartiak izateaz gain, kontuz ibili beharreko lekuak direlako, nahiz eta zailtasun teknikorik ez izan (ez da inoiz eskuak erabili beharrik) Komeni da eguraldi honarekin egitea.. Alegia: 1)Erroimenditik Alupiñara. 2)Orhitik Erroimendirako jaitsiera. (Hemen badago beste aukera: tunelera jaitsi eta errepidetik lau bat kilometro egin Erroimendira) 3) Holtzarteko goi aldeko urtegia inguratzea. Arestian esan bezala, urtegiraino jaitsiz gero, ez dago modurik inguratzeko. Ordu erditik gora galdu nuen, ezin asmaturik nola joan urtegiaren beste aldera, eta etsipenak jota, berriro Erroimendira igo behar nuela uste nuenean, konturatu nintzen, eskubiko errekan, gorago, pasarelatxo bat zegoela.

Imágenes