Muela eta El Santoko itzulia

Enviado por inaxio el 2006, Junio 25 - 10:08.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zaila
Lurraldea Araba
ABIAPUNTUA Durruma Kanpezu
Esquema Durruma Kanpezu - La Casilla lepoa - Muela - La Casilla lepoa - El Santo haitza - begiratokia - San Roman ermita - Durruma Kanpezu
Relacionados »Muela (mendi) »Durruma Kanpezu - Muela - El Santo Haitza (track)
Gora-behera500 m
Luzera5 Km
Iraupena2:30 - 3:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Durruma Kanpezu edo San Roman de Campezo herriaren goi aldean dagoen Elizaren atze aldetik abiatzen da bidea IEko norabidean, eta norabide horri jarraituz helduko gara La Casilla lepora. Handik gora ertz harritsuari jarraituz joko dugu tontorrera (bide arrastorik ez, baina leku garbia da). Altura beretsuko haitz mutur batzuek osatzen dute gailurra eta horietako bat da tontorra (erpin geodesikoa eta buzoi gurutzeduna).

Igoeran erabilitako bide beretik lehengo lepora jaitsi eta El Santo izeneko haitzera joko dugu. Haitzera gerturatzean bidezidorra banatu egiten da. Arrasto nabarmenena zeharka-zeharka abiatzen da haitzean zulatutako San Romanen ermitara, baina bada beste arrasto bat aldapa handienari heltzen diona: hori da jarraitu beharrekoa. Erne! Bidezidor hau ere, hormara gerturatu ahala, ezker aldera lerratzen da tarte batean, baina hormara jotzen du geroago, hura gainditzeko pasarte baten bila. Zailtasunik gabe gainditu daiteke bide egokia jarraituz gero. Gandorrera heldutakoan, nahi izanez gero, ekialdeko muturrera joan eta Muelaren gaineko ikuspegi ederrarekin gozatu bat hartu ondoren, leku berera itzuli, eta gandorraren zeharkaldiari ekingo diogu.

Gandorreko zailtasun bakarra ezpela saihestea da, izan ere tarte batzutan pasabidea galarazten du. Laster helduko gara halere gurutzera, gandorraren mendebaldeko muturrera iristean. Ez dago ordea bertatik herri aldera jaisteko aukera nabarmenik, itzuli luze bat eginez jaitsiko gara azpian dugun ermitara.

Amildegiaren ertzari jarraituz iparraldera joko dugu, kareharri eremuan barrena, amildegiaren hondoan hazitako ezki multzo baten adaburuen paretik. Arretaz begiratuz gero, norabide horretan dagoen begiratokiaren zurezko baranda ikusiko duzue: hara heldu behar dugu. Ezpela saiatuko da oraingoan ere bidea galarazten, baina hura saihestuz gero beste zailtasunik gabe helduko zarete begiratokira.

Begiratokian egonalditxo bat egin ondoren haren aldamenetik hegoaldera abiatzen den bidean behera joko dugu, pagadian barrena, eta laster topatuko dugu pista nabarmenago bat, gure bidea mozten duena. Korres aldera jaisten da pista hori, eta guk gora egin behar dugu, ermitara. Beraz, eskubi aldera jo eta aldapa gogor bat gainditu eta gero, lehenxeago goien utzitako gurutzearen oinera helduko gara. Hormaren magaletik jarraituz berehala helduko gara San Romanen ermitara: haitzean zulatutako ermita, burdinazko hesi batez itxia.

Herrira jaisteko atzera egingo dugu pixka bat, behera egiten duen arrasto nabarmen bat topatu arte (seinalatuta dago). Seinalatutako bidea jarraituz gero La Casillako lepora eramango gaitu honek berriro, baina bada beste bide bat, seinalatu gabea eta ez horren nabarmena, beheraxeago (lehenengo bihurgunea eta gero) bide nagusi horretatik bereizi eta zuzenean herrira jaisten dena (ez da bestea bezain erosoa, baina asko laburtzen du bidea).

Notes:

Bidea ez da zaila, baina ibilbidea nahasia da, bidez kanpokoa tarte batzuetan. Muelako igoera bera bakarrik oso ibilbide polita eta erraza da.

Imágenes