Iparla azpian txango erraza

Enviado por ietxaburu el 2009, Marzo 24 - 11:13.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Erraza
Lurraldea Iparraldea
ABIAPUNTUA Urdoze
Esquema Urdoze-Larrarte lepoa-Labastida-Urdoze
Relacionados »Iparla azpian txango erraza (track)
Gora-behera500 m
Luzera8 Km
Iraupena2:30 - 3:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Honakoa, ez da ohiko mendiko igoera, lasai antzean, gaztetxoekin ere egin daitekeen txango erraza baizik.

Urdoze (210 m), Baigorri bailaran, Iparla mendiaren azpian kokatutako herritxoa da. Bertara iristeko, ipar aldetik doazenak, Baigorri baino kilometro pare bat lehenago, errepidearen eskuineko aldean, Urdoze eta Labastidara doan errepidetxoa ikusiko dute.

Urdoze herriaren mendebaldera, Iparla/Astate mendia ikusiko dugu. Herritik norabide horrekin ateratzen den pista zabala hartu eta abereentzako aterbe zabal bat eskuinean utzita, gorantz hasiko gara eta aurrean dagoen erreka tartean sartuko. Erreka eskuinean beherago dugularik, malda gutxiko bide politetik, ordu bete baino lehenago (bidean ez bagara gelditu inguru ederra miresten edo zeruan ikusten diren saiei begira), errekaren zokoraino iritsiko gara (440 m).

Erreka zeharkatu eta bideak ipar alderantz joko du, lehen baino malda gogorragoarekin. Gero berriro mendebalderantz eta beste ordu erdian, 625 m.ko garaieran, borda bat kokatutako bide gurutzera iritsiko gara. Zuzen gorantz jarraituz gero, Iparla eta Astaten artean dagoen Harrieta lepora iritsiko ginateke, baina guk, eskuinetara doan bide laua jarraituz, hogei minutuan, Larrarte lepora iritsiko gara. Paisaia, edozein aldetara ere ederra baldin bada, Iparla aldera, Gapelu zirkoa zehazki, are ederragoa.

Pistak orain, beherantz hartzen du, Labastidatik Iparlarako bidearen bila, eta ordu erdi baino lehenago, ezkerretara bihurgune bat egiten duen lekuan, Urdoze seinalatuz eskuinetara ateratzen den bidea hartuko dugu eta ordu laurdenean, Labastidan errepidera aterako gara. Ehun metro errepidetik eginda, berriko eskuinetara bide bat hartu (marra horiekin seinalaturik) eta hogei minutuan Urdozen gaude.