Eratsungo mendietan

Enviado por ietxaburu el 2009, Marzo 22 - 22:04.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zaila
Lurraldea Nafarroa
ABIAPUNTUA Eratsun
Esquema Eratsun-Otsola-Arnaizu-Ireber-Bidate-Basakaitz-Eratsun
Relacionados »Eratsungo mendietan (track) »Ireber (mendi)
Gora-behera1100 m
Luzera19 Km
Iraupena5:00 - 6:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Eratsun herriak badu sona pilotari esker. Bertara iristeko, Doneztebetik Leitza aldera doan errepidea hartu, eta Ezkurrako lepora asko gelditzen ez dela, ikusiko mendiaren magalean.

Herriaren (532 m.) atzeko aldean (elizaren atzeko ezker aldean), errepidearen eskuin aldera, hasten den pista hartuko dugu, berehalaxe gorantz hartzen duelarik. Bost minutu baino lehen, ezkerretara bihurgune batean, eskuinetara beste pista bat hasten da, baina ez diogu jaramonik egingo. Ordu laurdenera, bideak nabarmen mendebaldera egiten du eta zelai polit batera iritsiko gara. Egokitutako erdi borda erdi baserri baten aurretik igaro eta berriro bideak gora, pino eta alertzeen tartetik. Berriro hegoalderako norantza hartu eta irten garenetik ordu erdira, Eratsundik 250 m. igo ditugula, kaskotik datorren bizkarraren eskuin aldera (mendebaldera) igaroko gara. Leku honetan merezi du minutu batzuk gelditzea paisaiarekin gozatzeko: beheko aldean Basakaitz erreka tartea eta aurrean Zuparrobi.

Ondoren, bideak mendiaren mendebaldetik jarraitzen du, aldaparik gabe, pagadi zoragarritik, orbela nagusi, zenbait lekutan bide arrastoa ia nabari ez dela, errekatxo pare bat zeharkatuz. Eratsundik ia ordua bete dugunean, bidea bitan banatzen da, biak pista itxurarekin, bata gorantz eta bestea beherantz. Guk behekoa hartuko dugu eta hiru minutu ibili ondoren, bideak ekialdera egiten duenean, bide zabala utzi eta eskuinetara bide arrasto batetik, 50 m. beherago dagoen errekara jaitsiko gara. Erreka zabala zeharkatu eta berriro oin arrastoa gorantz zuzen lehen jaitsitako 50 m.ak pista zabal batekin topo egin arte.

Pista zabal hau eskuinetara (hego-mendebalderantz) jarraituko dugu eta hamar minutura, eskuinetara bihurgune zabala eginda, ipar aldeko norantza hartuko du,
laster berriro hegoalderantz egiteko. Kaskoa gainditu eta metro batzuk jaitsita, lepo batera iritsiko gara. Hemen pista bitan banatzen da. Eskuinekoa da Otsolara doana, baina guk bien erditik hasi eta eskuineko pistaren gaineko aldetik doan antzinako bidea jarraituko dugu eta hamar minutuan Otsolako txabolara iritsiko gara. Aurrean zelai zabalak. (1:30).

Otsolara jaitsi eta zelaia hego-mendebalderantz zeharkatzen hasiko gara, mendebalderantz zelaiaren azken zokoraino (10 minutu). Hemen hesi batekin egingo dugu topo, ate zabal batekin. Aurrera zuzen jarraituko dugu (nahiz eta ezkerretara, basoa ustiatzeko egindako pistak ikusi) ehun bat metro, eta gero bideak eskuinera jotzen du, eskuineko bizkarraren gaina hartzeko. Bizkar honetatik jarraituko dugu igotzen, lehen hego-mendebalderantz eta gero mendebalderantz. Halako batean, basotik irten eta hesi bat zeharkatuz, Ireber eta Arnaizuren artean dauden zelaietara iritsi gara (1.100 m.). Hemen hego-eki aldera joko dugu, eta hamar minutu baino lehenago, Arnaizu tontor zabalaren gainera iritsiko (1.203 m. 2:20).
Berriro beherantz, baina oraingoan, pixka bat ezkerreragotik, Arnaizu eta Ireber tontorren arteko lepora. Norabide bera jarraituz bizkarretik gorantz, Ireber tontor harritsuaren gainean gaude (1.207 m. 2:35).

Tontorretik ipar-mendebaldera 300 bat metrora, garaiera beretsuko eta Ireber bera baino pixka bat txikiago diren bi tontortxo daude.Eskuinekoaren (hurbilena) eskuin aldetik, bere atzeko aldean dagoen lepo zabalera iritsiko gara. Hemen ikusiko dugu, Luis Peña Santiagok makina bat aldiz aipatutako “Bi ahizparen sepulture” trikuharria. (1.170 m). Kondaira zaharrek omen diote, otsoek edo elurrak edo..., akabatu omen zituen bi ahizpa. (Nolabait, etenik gabeko herri zahar honek, antzinako kontuen arrastoa gorde du).
Kilometro eta erdi ipar-mendebaldera dagoen Bidate lepora (1.058 m) joango gara. Horretarako mendiaren bizkarra jarraitu besterik ez dago.

Lepoan, ezkerretara jarraituko bagenu, Leitzara joango ginateke baina guk Eratsunera itzuli behar dugu, beraz eskuinetara (ekialdera) hasten den Basakaitz erreka arte basatira jaitsi beharra dugu. Horretarako, hego-ekialderantz hasten den pista hartuko dugu. Pista lau hau, aurrerago eki alderako norabidea hartu eta bukatu egiten da 2 kilometro baino lehen. Horregatik, 12/13 minutu egin ondoren, erreka bat zeharkatu eta berehalaxe, ezkerretara beherantz zihoan bidea hartu nuen. Baina bide/pista guzti hauek, aspaldi basoa ustiatzeko egindakoak dira eta bukatu egiten dira. Esan bezala, pistak jarraituz hogei bat minutuz, bideak bukatuta, ekialderantz jarraitu nuen zeharkatzen, ipar aldera den maldak, ekialderako norabidea hartzen duen arte. Hemen (860 m.), malda gogorreko sastrakaz betetako basotik beherantz, ipar ipar/ekialderantz, 250 m. beherago doan errekaren bila.

Behera iristean (4:00), bi errekek (bata Bidate aldetik eta bestea Lotza aldetik) bat egiten duten lekuan, (ur emaria handia ez bada, erraz zeharkatu daiteke) beste aldean bide zidor antzeko bat aurkituko dugu. Metro batzuk erreka ondotik, gero gorantz minutu pare bat eta beste bide antzeko batekin bat egingo dugu. Hemendik aurrera, arazorik gabe, Basakaitz errekaren inguru zoragarriaz gozatzen, ordu erdi pasatxoan, Eratsungo errepidera aterako gara (440 m.). Bertara joateko, metro batzuk errepidetik gora eginda, eskuinetara, bide zabal bat ikusiko dugu. Hartu bide hau eta zelaien ondotik, gaztainondo zaharrak lagun, 20/25 minutuan herrira iritsiko gara.

Notes:

Beranduago, Bidatetik Basakaitzera jaisteko berriro egindako saiakera batean, lortu nuen bide egokitik jaistea. Lehengo bide zaharra zenbait tokitan ea ez da nabaritzen, baina erne ibiliz gero jarraitu daiteke. Gainera lehen ikusi ez nituen pintura marra batzuk ere badira. Beraz, goian azaldutako trakaren ordez, oraingo berria jarriko dut. Egia da, berri honetan ez dela azaltzen Arnaizu tontorrerako igoera