Kartxela Kakuetatik

Enviado por ietxaburu el 2008, Noviembre 18 - 20:21.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zaila
Lurraldea Nafarroa
ABIAPUNTUA Kakueta arroilaren hasiera
Esquema Kakuetaren mendebaldeko mendietan gora, Anhauko lepotik, Binbaleteko Lepotik, Kartxelara. Berriro Binbaleteko Lepora, Arrakagoiti Lepora eta ipar alderantz, Kakuetaren eki aldetik, hasieraraino
Relacionados »Kartxela (mendi) »Kartxela Kakuetatik (track)
Gora-behera1700 m
Luzera30 Km
Iraupena8:00 - 10:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Kartxela Kakuetatik
Mapa

Kartxila mendiaren alderik dotoreena Belagua aldera dagoena den arren, ez hain ohikoa den aldetik igotzeko proposamena doakizue.

Zuberoan badaude hiru arroila oso famatuak: Ehujarre, Kakueta eta Holtzarte. Hiruetatik turistikoena, Kakuetakoa da. Bada inguru honetatik egingo dugu. Igoera, arroilaren mendebaldetik eta jaitsiera arroilaren ekialdetik

Santa Grazi herrira iritsi baino pixka bat lehenago, Kakueta arroileko parkinean autoa utziko dugu (490 m.) eta GR-10eko marra gorri zuriak jarraituz, “Ifernuko zubitik” erreka zeharkatuko dugu eta beste aldean bidean gora joko dugu. Laster kamiora aterako gara eta beti marra zuri gorriak jarraituz, zenbait etxeren ondotik igaroko gara. Gero mendiko bidea hasiko da, hasieran nahiko ilun eta itxia. Ia ordu beteko bidea egitean, Ezpeleta deritzon lekura aterako gara. Beheko aldean Kakueta arroila ikusiko dugu. Bideak orain, mendebaldera nabarmen joko du maldarik gabe, erreka baten bila. Erreka zeharkatu ondoren (ondoan borda bat) berriro gorantz eta hamar minuturen buruan, kamiora aterako gara. Orain kamioak, orokorrean, hego-mendebaldera joko du Anhauko lepoaren bila. baina hasieran hiru edo lau bihurgune eginaz. Geroago, zuzen jarraituko du baina lepotik hurbil, berriro beste bihurgune zabal bat egin beharko dugu. Halaxe, borda edo etxola batzuen ondotik igaroaz, aipatutako Anhauko lepora iritsiko gara (1.383 m, 2:45).
Orain arte, Lakhura ondo ikusten bagenuen, halako baten, lepora iristean, sekulako paisaia agertuko zaigu beste aldera: Binbaleta, Kartxila, Txardeka Gaina, Otsogorrigaina, Orhi....denak parez pare.
Pista jarraituz hego aldera, ordu erdian Eskantolhako etxola aurrera iritsiko gara (1.444 m). Orain bai, orain maldan gora hasi behar dugu. Kartxila hego-mendebaldera dago eta Binbaleta eta Kartxilaren arteko lepoa, hego aldera. Bigarren aukera hau hartuta, ordu erdian lepoan gaude. Hemendik, orain arte ezin ikus genitzakeen bazterrak ikusiko ditugu: Kartxilaren ipar-hego aldeko aurpegia, Belaguako mendiak eta Zuriza, Oza eta harantzagokoak ere. Belaguako aterbe ingurutik datorren bidearekin bat egin eta ezker aldetik gorantz, Kartxilaren tontorrera doan bidea, inolako arazorik gabe jarraituz, 40 minutuan tontorrean gaude.
Berriro beherantz lehengo bidetik, baina Binbaletaren mendebaldeko lepora iristean, mendi honen hego aldea zeharkatuz, Belaguako aterbera doan bidea jarraituko dugu Lakhura mendiaren mendebaldera dagoen lepora arte (Urdaite edo Arrakogoiti). Lepo honen ipar aldera amildegia dago Kakueta aldera. Guk ekialderantz jarraituko dugu, Lakhuraren mendebaldeko bizkarretik gora ordu laurden bat, 100 m. igoaz. Konturatuko gara, ipar aldera, amildegia bukatu eta belardia hasten dela. Guk orduan ipar aldera doan bidexka edo abereek egindago oin arrastoa jarraituko dugu, baina minutu pare batean, bidea eki aldera okertzen hasten denean, beherantz iparralderantz biderik gabe jaitsiko gara 100 bat metro, pagadia hasten den lekuraino. Erne ibiliz gero, ipar-ekialdera bidexka bat edo hasten dela irudituko zaigu. Berau jarraituz, minutu gutxira, zentzu berean doan erdipurdiko pista bat ikusiko dugu. Honek beste batekin bat egin eta berehalaxe beste pista zabal batekin egingo dugu topo. Pista hau jarraituko dugu, zenbaitetan Kartxila eta Binbaleta aldera bista politekin, beste batzuetan Kakueta arroila aldera, 900 m. beherago, Kakuetatik Santa Grazira doan errepidearekin bat egin arte. Gero beste ordu erdi errepidetik parkineraino.

Notes:

Esan beharra dago, neraman maparen arabera, pistaren beheko aldera, hasierako lekutik hurbil, bidexka bat aurkitu behar nuela, zuzen behera joateko. Baina ez dago edo nik ez nuen aurkitu behintzat. Eta bukatzeko pare bat kilometro faltan, pistak nabarmen eki aldera jo eta gutxira ateratzen den bidea, bukatu egiten da ia ia bertan zaudenean. Ordu eta erdi saiatu nintzen bide gurutze guztiak probatzen, belardietatik.... baina denak bukatu egiten ziren. Eta jakinik Kakueta ingurua amildegiz josia dagoela, amore eman eta berriro pista hartuz, errepidera atera eta hasierako parkineraino.

Imágenes

****