Baines Belabartzetik

Submitted by zuriain on 2008, Agosto 11 - 13:35.
Tipo de itinerario Joan-etorria bide beretik
Dificultad Zaila
Lurraldea Nafarroa
ABIAPUNTUA Belabartze ibarra
Esquema Belabartze ibarreko errepidea- Baines borda- Lepoa - Bainesko gailurra
Gora-behera-
Luzera-
Iraupena
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Mendi ahantzi hau igotzeko, Belabartzeko errepidetik abiatuko gara. Ezkerraldean, Frantxoren borda dago eta eskuinaldean teilatu gorriko nabe handi bat. Nabe horren atzealdetik ibaia zeharkatu eta maldan dagoen belardi batera sartuko gara. Belardiko gainaldean, kairn pare bat ikusiko dugu. Basoan sartuta, erreka bat dago, Ezkaiturritik jaisten dena. Batzuek errekan gora egitea gomendatzen dute. Askoz errazago eta politagoa da erreka horren eskuinaldean hasten den bide zabal eta egokia hartzea (harripilak). Sigi-saga, bide horrek basotik atera eta Ezkaiturriako larre ederretara eramanen gaitu. Bertan Baines bordaren hondakinak ikusiko ditugu. Gure aurrean Ezkaurre eta Bainesen kareharrizko horma erraldoiak altxatzen dira. Haien arteko lepora joanen gara, harri pilek gidatuta. Belarrak harriari uzten dio lekua. Azken lepora iritsi baino lehenago, ezkerraldean, harpe baten aho alimalekoa ikusiko dugu. Merezi du bisitatxo bat, tokia txundigarria baita. Kondairak dio bertan Eneko Aritza koroatu zutela. Inguru horretako harbitxietako bat... eta ez bakarra: lepoaren bestaldean, Kañadaxilo eta Ezkaurreren artean, Nafarroako ibon bakarra ezkutatzen da.
Harpea miretsita, azken lepora joko dugu. Handik gora ez dago biderik eta harritza deseroso batean gora egin beharko dugu. Igoera latza baina laburra da. Kairn batek markatzen du gailurra. Bertatik ikuspegi paregabea izanen dugu. Jaisteko etorritako bidetik joan gaitezke, edo, buelta luzeagoa emanez, Ezkaurre Txikiko gailur bikoitzerantz jo eta bere ondoko lepora helduta, Baines inguratu eta berriz Baines bordara itzuliko gara zailtasun handirik gabe. Basoko itzaletan barrena eginen dugu azken txanpa. On egin ;)