Higa hegoaldetik

Submitted by inaxio on 2008, Abril 16 - 08:44.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zaila
Lurraldea Nafarroa
ABIAPUNTUA Monreal
Esquema Monreal - Intxostia - Txapaeta lepoa - Higa - Monreal
Relacionados »Higa (mendi) »Higa Monrealetik (track)
Gora-behera800 m
Luzera13 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Monrealgo herrigunearen hegoaldera jo behar dugu, erreka aldera. Han bi zubik gainditzen dute erreka. Horietako bat erromatarren garaikoa omen da: argazkiak botatzeko leku aproposa da. Baina beste zubitik pasatzen den asfaltatutako bide zabala da guk jarraitu behar duguna, soroen artean. Laster pasako gara etxe baten paretik. Han bi bide bereizten dira errepidetik. Guk eskubi aldetik abiatzen den gurdibide belartsua hartu behar dugu, hormaren aldamenetik doana. Erreka bat zeharkatu eta aldapan gora arrasto nabarmenena jarraituz errepidera aterako gara berriro gorago. Arrastoak (pintura horiz egindako markak) errepidearen beste aldean jarraitzen du, eta hori da ohiko bidea, baina guk errepidetik jarraituko dugu, eskubira joz. Hesiz inguratutako etxe baten aldamenetik pasa eta berehala helduko gara bihurgune batera. Han errepidea utzi eta bertatik abiatzen den pista zabala hartuko dugu.

Pista honek mendia inguratzen du bere Ekialdeko isurialdetik, Intxostiako zintzurraren bazterretik paseaz. Hala, ekialdera joko dugu lehendabizi, aldapa handirik gabe, pinudiaren itzalean sarritan, bide nabarmenena jarraituz beti, Intxostiako zintzurrera gerturatu arte. Han bideak Hegoaldera jotzen du eta pagadian sartuta jarraitzen du, errekatik gehiegi aldendu gabe, basoa bakandu eta ezpela ugaritzen den zabalgune batera heldu arte. Labekoa izena ageri da mapatan inguru horretan. Bidegurutze batekin egingo dugu topo han, eta hantxe izango dugu mendiaren isurialde horretako ikuspegi zabal batez gozatzeko lehenengo aukera. Bidegurutzean ezkerreko pista hartu behar dugu. Behera eta atzera jotzen du hasieran pagadian barrena, baina laster erreka zeharkatu eta gogor ekiten dio aldapari, Txapaetako lepora heldu arte.

Lepo honetan hasten dira eguneko lanik zailenak. Bidezidor arrasto ugari abiatzen da handik gora ezpeldian barrena, eta arrasto horietan markatuta dagoena bilatzea da lehenengo lana. Harripilaz markatuta dago nahiko sarri (2008-04-13), eta plastiko zurigorriko zinta batzuk ere badira ezpelari lotuta han-hemenka. Gora begiratuz gero larre eremu soil bat ikus daiteke eskubi aldera: egizue kontu handik pasa behar duzuela ezpel arteko bide bihurrietan aukera egitean. Hala, bidezidorrak gora egiten du pixkanaka-pixkanaka, eskubi aldera lerratuz, haitzean gora egiteko abagune aproposena aurkitu arte. Halako batean aldapari gogor egin eta HMko bizkarrean nabarmentzen den konkor nabarmen baten parera heltzen da. Hara jo gabe, bidea aldapa saihesten hasten da berriz ere eskubi aldera joz, baina pixkanaka gogortzen doa berriz ere haitzarekin topo egin arte. Azkeneko txanpan gaude.

Arreta jarri beharra dago tarte honetan, izan ere haitzari edo ezpelari heldu beharko diogu behin baino gehiagotan. Tarte batzuetan burdinazko kate bat jarri dago (2008-04-13), lagungarri gisara, baina zailtasunik handiena ez da izango II mailatik gorakoa bestela ere. Hori bai, jaisteko zailagoa da igotzeko baino, eta bustita baldin badago, are gehiago, tarte askotan lurra lohitu eta oso irristakorra izango baita. Gutxitan egiten du ezpelak horrenbeste mesede.

Tontorrera heltzean antenaren instalazioak inguratzen dituen hesiarekin egingo duzue topo. Ahal den neurrian ezikusiarena egin eta eskubi aldera joko dugu. Bertan topatuko dugu txartelontzia, eta aurreraxeago, Santa Barbararen ermita / aterpea, porlanezko hondakinez atondutako bazter batean.

Jaisteko errazena antenara igotzen den errepide zatarrean behera jaistea da. Hasieran errepidea bera da biderik nabarmenena, baina bazterretan arreta piska bat jarriz gero, ikusiko duzue beherago badela hainbat lasterbide, harripilaz markatuta, errepidearen sigi-saga luzeak saihesteko modua eskaintzen dutenak.

Beste aukera egoki bat berriro Txapaetako lepora jaitsi eta mendia Ekialdetik inguratzea da, lepotik bertatik abiatzen den gurdibide zabalari jarraituz.