Hiru Erregeen Mahaia LescundikEnviado por ietxaburu el 2007, Agosto 15 - 19:44.
Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz Lescundik Hiru Erregeen Mahairako ibilaldi honetan, igotzeko eta jaisteko, bide desberdinak erabiliko ditugu, baina badago bide gehiago ere bai. Lescun herritik aurrera jarraitu Ansabereko bailaran zehar eta Pont de Masousa (960 m.) izeneko lekuan utziko dugu autoa, jaisterakoan hementxe bukatuko dugu eta. Errepidetxo batetik, Borde d’Anapia ondoan dagoen bide gurutzeraino joango gara (2,5 km) ordu erdian. Hemen Lescun herrira, edo Sanchèse belardietarako bideak utzi eta Lhurs aintzirara (ondo seinalatua) doan pista hartuko dugu. Hasierako hogei minutu ia lauak egin ondoren, pista utzi eta eskuinetara gora hartuko dugu, pagadiaren zehar, Lhurs eta Billare mendien artean dagoen ibarrerantz. Bi mendi hauen tartean sartzean, zuhaitzak bukatu, eta aintziratik datorren erreka zeharkatuko dugu eta beste ordu erdian, Lac de Lhurs aintziran gaude (1691 m., 2 ordu eta 20 minutu) Aintziraren beste aldean, artzain txabola dotorea dago. Aurre aurrean, Hiru Erregeen Mahaia ikusiko dugu, bere ikuspegirik bikainenarekin (zer ikusirik ez du Solanatik ikusita daukanarekin). Inguru honetako mendi guztiak, Lescun aldera horma tzarrak dauzkate, eta beraien arteko lepoetara igotzen ere, ez da izaten xamurra. Artzain txabola ondotik mendebalderantz igoko gara, soroa belardia izatetik harritza izatera aldatzen doala, bide garbirik gabe (“Cairn” batzuk ikus daitezke, baina erreferentzia, Hiru Erregeen Mahaiaren eskuineko aldetik gora doan korridorea izango da). Korridorearen azpian (1900 metrotan), lautada harritsu txikia dago. Hego aldera, 100 m. gorago, Hiru Erregeen Mahaiaren tontorra eta mahaiaren arteko lepoa dugu. Ordu laurdeneko kontua besterik ez da. Baina ahal dugun lekutik, zeren soroa, karsta izanik, sekulako pitzaduraz josia dago. Behin lepoan, merezi du ekialdera joatea, 40 m. gorago dagoen mahairen puntara. Beherakoan, Hoya de la Solanako bidea jarraituko dugu (mendebalde hego/mendebalderantz), Hiru Erregeen Mahaia/Budogia eta aurreko mendiaren (Mouscate) artean dagoen ibartxotik. Ibartxo hau estutzen joango da eta tontorretik 50 minutura (2020 m) bide zidorrak aurrera jarraitzen badu ere, cairn handi batek, ezkerretara joateko aukera adieraziko digu. Aurrera jarraituko bagenu, Hoya del Portillon bukatuko genuke, beraz ezkerreko aukera jarraituz, ezkerreko harkaitza gaindituz, Hoya de la Solanara jaitsiko gara (1870 m) eta belardiak inguratuz, Linzara jaisteko igaro behar den lepora iritsiko gara, beste 45 minutuan. Baina guk Lescunera itzuli behar dugu. Beraz, ekialde hego/ekialderantz malda gora doan bide zidorra hartuko dugu eta honela, Petrechema ezkerretara utzita, 2082 metrotan dagoen Col. De Petrechemara iritsiko gara (beste 50 minutu). Bukatu dira igoerak. Orain dena jaitsi izango da bailara zoragarri batetik. Lehenengo, behean ikusten diren Ansabereko artzain txaboletara (1600 m), malda harritsu batetik, hain famatuak diren Ansabereko orratz ikusgarrien azpitik. Beherantz jarraituz, ordoki txiki eta polit batera iritsiko gara (1370 m), erreka ondoan lasai etzanda egoteko moduko leku zoragarria. Hemendik Ansabereko orratzen eta Hiru Erregeen Mahaiaren ikuspegia ere oso ederra da. Beherago, Pont de Lamary. Eskuinetara, Col de Larrailera igotzen den eta kare harri zurizko mendi ederrez inguratutako ibar ederra izango dugu. Hemen pista hasten da eta aurrera jarraituz, goizean autoa utzi dugun lekuraino eramango gaitu. (2 ordu Col de Petrechematik) Notes: * Komeni da korridoreko harritzarako, 2 esku makil eramtea
|