Orozketatik Leunganara igoera

Jose-k sortua, 2007, otsaila 26 - 21:07
Ibilbide mota Joan-etorria bide beretik
Zailtasuna Erraza
Lurraldea Bizkaia
ABIAPUNTUA Orozketa
Eskema Orozketa - Landaederra - Mugarrikolanda - Leungana - Artatxagane - Mugarrikolanda - Landaederra - Orozketa
Lotuta »Leungana (mendi) »Artatxagan (mendi)
Gora-behera800 m
Luzera9.5 Km
Iraupena2:00 - 2:30
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Iurretako Orozketa auzunea eta zertxobait gorago dagoen Landaederra atsedenlekua Legarmendi mendikateko ekialdeko tontorretara joateko abiapuntu egokiak dira. Jarraian azaltzen den ibilbideak Leungana eta Artatxagane tontor bikiak igotzen ditu.

OROZKETA (250 m.)

Orozketako eraikuntzak sigi-saga inguratuz gora jarraitzen duen porlanezko bidetik joko dugu, hego-mendebalde norantzan. Lepo batetara iristean kartel gorri batek Landaederra izeneko ingurunean sartzen garela ohartuko gaitu.

LANDAEDERRA (405 m.; 15’)

Bide nagusiari jarraituz Landaederra atsedenlekura iritsiko gara laster. Iturri bat dugu bertan. Toki honek Mugarraren iparraldeko aurpegiaren ikuspegi ederra eskaintzen digu.

Bidean gora jarraituz muino bat eskuinaldetik inguratuko dugu, eta bidea eskuinerantz okertzen den puntuan hegoalderantz bidezidor bat abiatzen dela ikusiko dugu. Seinaleak daude bidegurutzea adierazten (560 m.; 35’).

Bidezidor horretatik joko dugu, garo-sailean gora. Aldapa gogortu egiten da hemendik aurrera. Estu xamarra den pasarte bat igaro ondoren zabalgune aldapatsu batera iritsiko gara, Mugarrikolanda. Zenbat eta gorago igo, orduan eta ikusgarriago ageri zaizkigu Mugarrako hegoaldeko hormak, ezkerraldean.

MUGARRIKOLANDA

Zabalgunearen goialdean, aska baten gainaldean eta zuhaitz batzuen itzaletan Mugarrikolandako iturria dago (770 m.; 55’). Iturrira ekialdetik bide zabal bat datorrela ohartuko gara, Mañariatik igotzen den bidea da. Bide honi jarraitu behar diogu mendebalderantz tarte labur batez.

Lepo batetara iristean bide hau utzi eta ezkerraldera jo behar dugu, hegoalderantz. Margo horiarekin egindako markak jarraitu behar ditugu. Zelaigunean ezta erraza bide zuzenari jarraitzea, baina pagadian sartzen garenean garbiago ikusiko dugu bidea.

Pagaditik irtetean, marka horiak begi zorrotzaz bilatuz, tarteka ezta erraza, bideak eskuinerantz egiten duela konturatuko gara, Leungana baino gertuago dagoen tontorra, Artatxagane, eskuinaldetik ingura dezagun.

Zeharka altuera irabazten joango gara poliki-poliki, eta azkenean bideak ezkerrera egiten du Leunganaren mendebaldeko magaleko aldapa igo eta tontorrera iristeko.

LEUNGANA (1009 m.; 1h20’)

Itzuleraren lehenengo zatia bide ezberdin batetatik egingo dugu. Lehenik eta behin Artatxaganera joango gara. Horretarako, ipar-ekialderantz jaitsiko gara, bi tontorren arteko lepora (946 m.). Jaitsiera ipar-mendebaldeko magaletik egingo dugu, hego-ekialdekoa baino leunagoa delako.

ARTATXAGANE (998 m.; 1h30’)

Behin lepoan gaudenean, ekialderantz joko dugu, alpapa labur bat igo eta Artatxaganeko tontorra harrapatzeko.

Ipar-ekialderantz jaitsiko gara, Mugarra erreferentzia dugula, tarteka zelaigunean, tarteko pago artean. Markak daude.

Zelaigune baten barrenean haitzezko muino txiki batekin egingo dugu topo. Bertara igoz gero Mugarraren hegoaldeko hormatzarraren ikuspegi paregabeaz gozatuko dugu. Haitz hauen aurrean bideak ezkerrera egiten du, ipar-mendebalderantz, eta berriz ere pagadian sartuko gara.

MUGARRIKOLANDA

Pagaditik irtetean Mugarrikolandako zelaigunearen goialdean gaudela konturatuko gara. Hemendik aurrera bidea ezaguna dugu eta zailtasunik gabe iritsiko gara Orozketara (2h20’).

Oharrak:

Landaederrara automobilez igo daiteke, hemen azaldu den ibilbidea zertxobait laburtuz. Aparkaleku txiki bat dago bertan, eta baita iturria, mahaiak eta aterpe bat ere.

Ibilaldia zertxobait luza daiteke Mugarrikolandatik Mugarrara igoz.