Minetako magaletik eta tontorrez tontor

Enviado por eneko el 2005, Octubre 30 - 19:14.
Tipo de itinerario Joan-etorria bide beretik
Dificultad Zaila
Lurraldea Gipuzkoa, Nafarroa
ABIAPUNTUA Elurretxe
Esquema Elurretxe - Aritxulegi - Erroilbide - Txurrumurru - Irumugarrieta - Elurretxe.
Relacionados »Aiako Harria, Erroilbide (mendi) »Aiako Harria Elurretxetik (track)
Gora-behera600 m
Luzera7 Km
Iraupena2:00 - 2:30
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Aparkalekutik pinudiko larrean gora abiatu eta (erne!) berehala antzemango duzue eskubi aldean pista belartsu bat: hari heldu behar diogu, zuzenean gora jotzen duen bidea alde batera utzita. Bidea seinalatuta dago, marra zuri-gorri-horiekin, eta arretaz jarraitu behar zaio seinalizazioari, izan ere asko dira ezker-eskubi bereizten diren bidezidorrak.

Bideak gora-behera gutxirekin egiten du aurrera hasieran, baina halako batean behera egiten hasten da pinudi batean barrena eta hala jarraitzen du pixkanaka jaitsiz 200 m beherago Minetako Ertza inguratu eta Txurrumurrutik datorren errekastoa zeharkatu arte (goien ikusten da haitzaren ertz ikaragarria). Handik aurrera bidezidorrak gora jotzen du berriz, pagadian barrena, sigi-saga aldapa haundienetan, aldapa leundu eta berriz pinu artean sartzen den arte. Erroilbideren itzala atzeman daiteke goien, adar artetik, baina guk HMra jarraitu behar dugu, zeharka, gorabehera gutxiko bidezidorrari jarraituz, harik eta basoa bakandu eta Aritxulegi aldeko bizkarrera heldu. Han hesitutako eremu batekin egingo dugu topo eta Aritxulegiko mendatera jarraitzen duen bidezidorra utzita, ezker aldetik joko dugu gora, hesiaren paretik, goien ageri den haitzartera (Enarri).

Enarriko haitzen magalera jo eta bideak ezker aldetik saihesten ditu, baina lehengo bide zaharra haitzean gora doa, oraindik arrastoak agerian ditusten haitz maila erraz batzuetan gora (I). Nolanahi goraxeago elkartzen dira bi bideak, Larraundiko hegi zabalean, eta alanbrezko hesiaren parean jarraitzen du bideak dagoeneko narbarmen ageri den Erroilbideko haitzerantz. Pinudian barrena jarraitzen du aurrerago bideak tarte batean, hesiaren paretik, baina aurrerago pinuditik atera eta larre eremu batera azalduko gara. Eremu horretan aurrera egin eta Erroilbideren Hegoaldeko horma saihesteko bidea bilatu behar dugu. Erne ibili beharra dago, bide ugari elkartzen baita inguru horretan, eta ez da erraza egokienarekin asamatzen.

Errazena lehenago aipatutako larre eremu horretan bertan ezker aldera jotzea da, hesiak haitzean gora egiten duenean: bideak behera egiten du tarte batean konifera baso baten sartu eta zeharka jarraituz, arkaitzak eskubi aldean utziaz. Laster aterako gara berriro basotik eta berehala(erne!) gora egiten duen arrastoari jarraitu behar diogu, Erroilbideren hormatzarrera gerturatuz. Bideak zeharka jarraitzen du horma hauen oinetik, haitzak nondik edo handik saihestuz (bidezidorra nabarmena da tarte horretan), halako batean ertz batera azaldu eta gainontzeko haitzak ikusteko parada ederra eskaintzen duen izkin batera heldu arte. Huraxe da Erroilbideren isurialde samurrena. Bideak gora jotzen du orduan zalantzarik gabe eta haitzaren gainean egiten du aurrera zenbait lekutan (I mailako pasarteak). Horiek pasa eta bideak azken txanpari ekiten dio, tontorrera zuzenean, ederki sakondutako bidezidor beltz batean gora, piramide baten itxurako buzoia duen gainera heldu arte. Huraxe da Aiako Harriko tontorrik altuena, baina zerikusi asko dago oraindik handik aurrera ere.
(jarraituko du. ibilbideen modulua probatzen ari naiz)

Notes:

Elurretxera heltzeko: Oiartzundik Irungo Bentara doan errepidean, Gurutze baino 500 m lehenago eskubi aldetik bereizten den errepidea hartu eta hari jarraitu 8 km. Halako batean aparkaleku zabal bat ikusiko duzue eskubi aldean (autoak ere bai seguraski), errepideak behera egiten hasi baino lehen: huraxe da Elurretxeko lepoa.