Arrazolatik Anbotora igoera Larrano lepotik igarota

Jose-k sortua, 2004, abendua 10 - 01:00
Ibilbide mota Joan-etorria bide beretik
Zailtasuna Zaila
Lurraldea Bizkaia
ABIAPUNTUA Arrazola
Eskema Arrazola - Larrano - Kurutzeta - Anboto
Lotuta »Anboto (mendi) »Kurutzeta (mendi)
Gora-behera1100 m
Luzera12.3 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Anbotok Arrazola aldera Euskal Herriko hormarik garaiena omen du: 1100 m. Bide ezberdinak daude tontorrera iristeko. Jarraian azaltzen dena Larrano lepotik igotzen dena da.

ARRAZOLA (235 m.)

Arrazolako herrigunetik habiatuta, berau inguratzen duen errepidean behera egingo dugu metro batzuk. Eskuinetarako bihurgune zabal baten bukaeran, errepide hau utzi eta Aurrekoetxe, Beti eta Aldeko baserrien eskuinetik doan bidea hartuko dugu. Bide hau hilerriaren ondotik pasatzen da, eta Anditze baserrian bukatzen da. Baserri hau baino pixka bat lehenago, langa zeharkatu eta bidezidor batetan gora egingo dugu telekomunikazio antena batetara iritsi arte.

Gorantz doan bidetik jarraituko dugu. Ibilbide labur baten marka txuri-horiak daude. Bide honek, aldapa gutxirekin eta Anboto beti ezkerrean dugula, haitzezko hormetara gerturatuko gaitu.

ANBOTO SAKONA

Gaztainadi batetara iristerakoan, bidegurutze batekin egingo dugu topo: bidea jarraituz ezkerrera Anbotora (1h20’); eskuinera Larranora (50’). Toki honetan, Anboto Sakona izenaz ezagutzen den bailara aldapatsuaren barrenean gaude. Lehenengo bideak bailara honetan gora egiten du, ia Anbotoko tontorreraino, eta ondoren ipar-ekialdeko aurpegira pasatzen da azkeneko metroak bertatik igotzeko.

Guk eskuineko bidea hartuko dugu, Larranorantz. Haitz batzuk gainditu eta gero, aldapa gutxiko larre gune batera iritsiko gara. Alluitz aurrez aurre dugu. Marka txuri-horiak jarraituz, bideak laster egiten du gorantz berriz ere. Eta atsedenik hartzeko aukerarik gabe Larranora iritsiko gara.

LARRANO (950 m.)

Anboto eta Alluitz lotzen dituen gandor luze eta zorrotzaren erdian dagoen larre gune zabal bat da Larrano. Gandorraren puntu baxuena ere bada. Santa Barbara ermita eta txabola bat daude bertan. Iturri bat era badago inguruan.

Gandorrean gora jarraituko dugu, hego-ekialderantz. Hasieran belardietatik, eta baso txiki batetatik igaro ondoren haitzartean.

KURUTZETA (1214 m.)

Lehenengo haitzek Kurutzeta izeneko tontorra osatzen dute. Bertara igo gaitezke, edo eskuinaldetik igaro metro batzuk beherago. Bere gailurretik Anboto eta Elgoinen ikuspegi ederra dago: Anboto Sakona bailarara amiltzen diren horma ikusgarriak. Eta barren barrenean Arrazola ikus daiteke 1000 m. beherago.

ELGOIN (1245 m.)

Ondorengo tontorra Elgoin da. Bere gailurrera igoko gara. Hemendik ere Anbotoren ikuspegi zoragarria dago.

Ibilbideko zatirik zailena dator jarraian. Pagozelaitik Anbotora igotzen den bidera iritsi arte gandorretik ibiliko gara. Ezin da esan arriskutsua denik, baina zati batzutan bi aldeetara amildegiak izateak beldur pixka bat ematen du. Toki batzutan biderik onena zein den adierazten duten markak daude.

Pagadi baten gainaldera iristerakoan, Pagozelaitik igotzen den bidearekin egingo dugu topo. Bide hau oso nabarmena da Anbotora igotzeko biderik erabiliena baita.

ANBOTO (1331 m.)

Bide honetatik segi. Azkeneko aldapa igotzea baino ez zaigu falta Anbotora iristeko (2h30’).