Aizpurgi .. Idokorri

Enviado por inaxio el 2004, Octubre 12 - 00:00.
Dificultad Zaila
Lurraldea Nafarroa
ABIAPUNTUA Aizpurgi
Relacionados »Idokorri (mendi)
Gora-behera-
Luzera-
Iraupena3:00 - 4:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Aizpurgi (Aspurtz) herrirako errepidea hartu eta 200 metrora informazio panel bat duen aparkaleku bat dago ezker aldean. Bideak Santa Kolonbako arroilako ibilbidearekin bat egiten du tarte batean eta beronen markak jarraituko ditugu tarte horretan. Aparkalekutik abiatzen da, beraz, bidea, marka zuriberdez zuzendurik. Ezker aldetik saihesten du aurreko mendia, ibai aldera jo eta zeharka-zeharka hurrengo bailara bilatuz. Han, marka zuriberdeei jarraituz oraindik, erreka zokora jaitsi eta porlanez egindako zubi sendoa topatuko duzue. Haren gainetik pasa eta markatutako bideari jarraitu behar diozue, adi!, ezker aldetik abiatzen den beste xenda nabarmen bat topatu arte. Markatutako bidea utzi eta bide berrian gora abiatuko gara. Nahiz eta arrastoa jarraitzen erraza izan harripilaz markatuta dago nahikoa sarri. Bideak artadian barrena egiten du gora, sigi-saga, IEko bizkarrera heldu arte. Handik aurrera bizkarrari jarraitzen dio, ertzetik gehiegi urrundu gabe, pinudia aldamenean duela. Aldapa luzea da, baina bidearen arrastoak nahiko nabarmena izaten jarraitzen du. Pinuditik datozen pista batzuk ere gurutzatuko ditugu bidean: kasorik ez. Gora hurbildu ahala aldapa leuntzen doa eta Mko norabidea hartzen du bideak, tarteka Arbaiungo arroila aurrez aurre ikusteko parada eskainiz. Ezpel-gune batzuk zeharkatu ondoren, halako batean, haitza ageri den gune batean kokatuta dagoen buzoiarekin egingo dugu topo (x648606, y4730479). Bideak aurrera egiten du ordea eta landaretzak ez dio oztopo egiten. Hala, nahi izanez gero, kilometro eskasera dagoen (x648060, y4730714) erpin geodesikora heldu gaitezke, apenas gora-beherarik duen xenda polit hori baliatuz, ingurune atseginean barrena.
Jaitsieran hasieran bazterrean utzitako Santa Kolonbako arroilaren ibilbidea aprobetxatu dezakegu abiapuntura itzultzeko. Hura utzitako lekura itzuli eta marka zuriberdeei jarraitu besterik ez dago. Bideak arroilaren ezker aldetik egiten du aurrera, landaretza trinkoa zulatuz, arroilaren hasierara heldu arte. Han alde bakoitzeko menditik behera datozen karaitzezko gandor batzuk elkartzen dira, errekaren bidea estutuz (uda partean lehor egoten da, baina neguan urak pasabidea eragotzi dezake, ur asko badator). Bideak erreka zeharkatu eta eskubi aldetik mendian gora egiten du, Aizpurgi aldera, goiko bizkarrera heldu eta pista zabal batetik jaisteko, abiapuntu gisa erabilitako aparkalekura.