Anayeteko tontorra eta Canal Roya

Enviado por Jose el 2010, Enero 2 - 01:30.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zaila
Lurraldea Huesca
ABIAPUNTUA Canfranc eta Candanchú arteko aparkalekua
Esquema Canal Roya – La Rinconada – Anayeteko lakuak – Rojo lepoa – Anayeteko tontorra – Rojo lepoa – Canal Roya
Relacionados »Anayet (mendi)
Gora-behera1100 m
Luzera17 Km
Iraupena5:00 - 6:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Canal Roya bailaran barrena Anayeteko tontorrera igoera ezaguna azaltzen da jarraian. Bailararen bukaera osatzen duen La Rinconada izeneko zirku batetara iritsi ondoren, Anayeteko lakuetako goi-ordokira igoko gara, eta handik tontorrera, Rojo lepotik igarota. Jaitsiera beste bide batetik egingo dugu, askoz laburragoa. Rojo lepotik mendebalerantz jaitsiko gara, zuzenean Canal Royara jaisteko.

CANAL ROYA

Canfranc eta Candanchú artean, Río Seta kanpamentua baino zertxobait beherago, errepidearen eskuinaldean dagoen aparkalekutik abiatuko gara. Aparkalekuaren ertzean dagoen zubia zeharkatu (1.360 m.) eta eskuinerantz egiten duen bidetik emango ditugu ibilbide luze honen lehenengo pausuak, gorabehera gutxirekin, basoan barrena. Eskuinerantz jaisten den GR 65aren (Santiago bidea) markei jaramonik egin gabe, bide nagusitik jarraituko dugu, eta laster Canal Roya bailaran sartuko gara.

Galerarik ez duen bide honek bailaran gora eramango gaitu, aldapa leunarekin beti. Bailararen behealdean pinuak izango ditugu bide bazterren zaindari, baina goialdean, erreka gurutzatzen dugunetik aurrera, larreak dira nagusi, eta han-hemenka bazkatzen diren behiak gure ibiliaren begirale.

LA RINCONADA DE LA CANAL ROYA (1.860 m.; 1h 45')

Canal Roya La Rinconada izena duen zirku batean bukatzen da, Anayeteko tontorraren oinetan. Helmuga dugun mendiak aurpegi ikusgarria erakusten digu, gaindiezina dela erakutsi nahi baligu bezala. Zirkuaren erdiko laugunean tumulu handi batek inguratutako trikuharri bat dago, La Rinconada edo Canal Roya trikuharria.

Laugunearen eskuinaldetik doan bidetik jarraituko dugu, zirkua hegoaldetik isten duten hormen bila. Bide honek sigi-saga horma gainditzea lortzen du, goi-ordoki batetara iristeko.

ANAYETEKO LAKUETAKO GOI-ORDOKIA (2.230 m.; 2h 30')

Anayeteko tontorra, Anayeteko Bertizea, Arroyeras eta Espelunciecha tontorren artean kokatutako lautada hau, zenbait aintzirek uda osoan zehar heze mantentzen dutena, benetan leku ederra da. Laku eta errekastoetako ur garbiek, belarraren berdeak, jatorri bolkanikoko harri grisek eta lur gorriak kolorez betetzen dute ingurua. Aipagarriak dira bereziki Anayeteko tontorraren eta Midi d'Ossauren ikuspegiak.

Anayeteko tontorrera bidean, ezkerrean duen Bertizetik bereizten duen lepora igo behar dugu. Horretarako, bi aukera: Ordokira iritsi eta laster eskuinerantz irteten den bidea hartzen baldin badugu, tontorraren barrenetik igarota aipatutako lepora gerturatuko gara. Bide nagusitik jarraituta laku handiraino joaten baldin bagara, ondoren mendebalde norabidea hartu behar dugu, lepoa bera erreferentzia dugula. Bi bideak lepoa harrapatzeko igo behar den aldapatxoaren oinean elkartzen dira.

ROJO LEPOA (2.413 m.; 2h50')

Azken txanpa baino ez zaigu falta. Mendi-bizkarra jarraituz ipar-ekialderantz joko dugu, lehenengo haitz koskorra ezkerretik pasatuz, eta ondoren eskuinaldeko isurialdera igaroz. Lur gorria duen tarte bat zeharkatuko dugu, eta belardi txiki batean gora haitz grisetara urbilduko gara. Kate baten laguntzaz zailtasun handirik ez duen pasarte bat gaindituko dugu, eta kanal labur batek tontorrera eramango gaitu.

ANAYET (2.574 m.; 3h10')

Jaitsiera beste bide batetik egingo dugu, igoerakoa baino askoz zuzenagoa dena. Rojo lepora itzulita, mendebalderantz jaitsiko gara, Bertizea eta Punta de las Negras tontorren artetik. Harri pilez markatutako bidezidor bat aurkituko dugu, laugune txiki batera eramango gaituena. Laugunean zuzen-zuzen mendebalde norabideari eutsiko diogu, eta lepo txiki bat gaindituta jaisten jarraituko dugu. Canal Royaren erdialderen ikuspegi ederra dugu hemendik, bailararen barrena baino askoz ere gorago baikaude oraindik. Tarteka bidezidorra desagertu egiten dela dirudi. Adi ibili beharra dugu, bide zuzena adierazten duten harri pilak ez galtzeko.

Canal Royatik Chinipréseko txabolara igotzen den bide nabarmena aurkituko dugu. Honek, erreka zeharkatzen duen zubitxo batetara eramango gaitu, eta igoeran jarraitu dugun bideari elkartuko gatzaizkio. Bide honetan behera laster iritsiko gara ibilaldi eder honen abiapuntua izan dugun aparkalekura (1.360 m.; 5h30').

AdjuntoTamaño
CanalRoya-Anayet.gpx70.11 KB

Notes:

Itzuleran, Rojo lepotik Canal Royara jaisterakoan, '?' ikurrekin markatutako tartean bidezidorra galdu eta biderik gabe zela edo hala jaitsi ginen. Inongo mapatan ez dut aurkitu bide hau behar bezala adierazita, baina uste dut hego-mendebalderago jo behar dela, Canal Royatik Chinipréseko txabolara igotzen den bidearen bila.

Imágenes