Peña Prieta, Cardaño de Arribatik

ietxaburu-k sortua, 2008, azaroa 30 - 22:19
Ibilbide mota Joan-etorria bide beretik
Zailtasuna Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Cantabria, Palencia
ABIAPUNTUA Cardaño de Arriba
Eskema Cardaño de Arriba, Lago de las Lomas, Pico de las Tres Provincias, Peña Prieta
Lotuta »Peña Prieta Cardaño de Arribatik (track) »Peña Prieta (mendi)
Gora-behera1400 m
Luzera19 Km
Iraupena6:00 - 8:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Peña Prieta, Palenciako ipar aldean dagoen “Fuentes Carrionas”eko parkean dagoela esan daitekeen arren, 300/400 metroengatik Cantabria da. Ondoren deskribatutako bidea, Palenciako Cardaño de Arribatik hasten da.
Herritxo honen sarreran (1.430 m.) dagoen parkinean autoa utzita, zubia zeharkatu eta bere kale bakarretik aurrera jarraitu eta elizaren ondotik igaroko gara. Herria atzean utzita, erreka ezkerretara dugula, haranetik aurrera, belardiak zeharkatzen, han hemen urkiak ikusten ditugula, errekaren beste aldera igarotzeko porlanezko zubi batera iritsiko gara.
Orain bidea pixkanaka gorantz egiten hasten da, ipar-ekialderako noranzkoa jarraituz. Geroago ipar-mendebalderantz okertzen da eta atera garenetik ordu betera, beste zubi batera iritsiko gara (1.650 m.).
Hemen aurrera jarraitzeko aukera badagoen arren, guk zubia zeharkatu eta ipar alderantz, “Lago de las Lomas” aldera, igotzen den mendiko bidea hartuko dugu. Bidea jarraituko dugu 2.050 ko garaieraraino. Orain arte ez aipatu izan arren, alde batera nahiz bester ditugun bistak oso ederrak dira. Hasiera hasieratik, Espigüete mendi dotorearen ipar aldea ikusteko aukera izan dugu. Geroago “Pico Murcia ere hego-mendebaldera eta orain “Agujas de Cardaño” gure gain gainean ditugu. Gainera, bezperan bota duen udazkeneko elurteak, bidea zaildu digun arren, beste xarma eman dio.
Hemen, 200 metro aurrerago dagoen aintzirarako bidea utzi eta ipar-ekialdean dugun malda gogorrari ekingo diogu zigi zaga, harana eskuineko aldetik ixten duen mendi hegalaren gaina hartzeko (2.362 m). Gain hontara iristean, beste aldean dagoen “Laguna de Fuentes Carrionas” ikusiko dugu gure azpian, “Carrion” ibaiaren hasiera eta hego ekialdera “Curavacas” mendi ederra.
Gailurra ipar alderantz 800 metro jarraituta, (tontortxo pare bat atzean utzita) lepo hestu bat zeharkatuko dugu (2.425 m.) eta ondoren, aurrean dugun “Pico de las Tres Provincias” (2.499 m) igotzeko, malda gogorreko gailurra jarraituko dugu.
Peña Prieta tontorra, 700 m. ipar-ekialdera dugu. Baina esan behar da, tontor bikoitza dela eta garaiena, 2 metroko aldearekin, bietatik ipar alderen dagoena dela. Bertaraino iristeko, 50 m. beherago dagoen lepoa zeharkatuko dugu eta gero trabeska igotzen, bigarren tontorra eskuinean utzita, tontorrera iritsiko gara (2.539 m).

EranskinaTamaina
peñaprieta.JPG231.29 KB