Canfranc-etik Ip aintzirara igoera

Enviado por Jose el 2007, Julio 7 - 20:37.
Tipo de itinerario Joan-etorria bide beretik
Dificultad Erraza
Lurraldea Huesca
ABIAPUNTUA Canfranc
Esquema Canfranc - Ip aintzira - Canfranc
Relacionados »Collarada (mendi) »Pala de Ip (mendi) »Escarra (mendi) »Pala de Alcañiz (mendi) »Canfranc-etik Ip aintzirara igoera (track)
Gora-behera1100 m
Luzera18 Km
Iraupena5:00 - 6:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Pala de Ip eta Collarada artean kokatuta, ekialde-mendebalde norabidea duen bailara txiki bat da Ip bailara. Goialdeak jatorri glaziarra du, aintzira eta guzti. Behealdea berriz errekak sakon landua izan da denboraren joanean. Ip errekak Aragoi ibaiari eskaintzen dizkio bere urak Canfranc herria baino zertxobait gorago, eta inguru horretan bailaran gora aintziraraino doan bidezidor polit bat abiatzen da. Basotik hasieran, eta goi-larreetan gero, galerarik ez duen bideak bailararen bukaera osatzen duen zirkura eramango gaitu. Aintzira inguratuz, La Tronquera, Pala de Ip, Punta Escarra, Hombro de Escarra, Punta del Águila, Pala de Alcañiz, Los Cuchillares, Peña Nebera, El Fraile eta Collarada mendiek osatzen dute Ipeko zirkua. Ip aintzira hauetako edozeinetara igotzeko abiapuntua izan daiteke.

Justu Canfranc herriaren gainaldean dagoen Puente de los Peregrinos zubia izango dugu abiapuntu (1050 m.). Zubia gurutzatu eta ezkerretara doan bidetik joko dugu, Aragoi ibaiaren ezker ibarrean gora. Done Jakueren Bidea jaisten da hemendik, Somportetik Jacara bidean.

Zertxobait aurrerago bidegurutze batekin egingo dugu topo. Ezkerreko bidezidorra Canfranc-eko tren geltokira doa. Horixe da Done Jakueren bidea. Guk ordea zuzen jarraituko dugu aldapa lasaia igotzen, kartelak adierazten duen bezala Ip aintzirara eta Ipeko lepora bidean. Marka berde eta horiak daude.

Ip erreka zubi baten bitartez gurutzatu eta berehala bideak eskuinera egiten du. Trenbidearen azpitik igaro, eta sigi-saga gorantz joango gara, baso barrenetik. Sigi-saga tartea bukatzean ekialde norabidea hartzen du bideak, eta lau xamarra den zati baten ondoren berriz ere aldapan gora egiten du.

Ip bailararen eskuinaldean, errekaren gainean altuera handia hartuz goaz, beti baso barrutik. Erreka ikusi ezin dugun arren, ur-saltoen soinua iristen zaigu. Sigi-saga tarte labur batzutan izan ezik beti ekialderantz. Zenbat eta gorago, orduan eta zuhaitz gutxiago eta txikiagoak izango ditugu bide ondoan. Basotik irten eta larreetan zehar jarraitzen du bideak. Collaradaren ipar isurialdeko hormek osatzen duten ikuspegi ederraz gozatu ahal izango dugu.

Laster bidearen eskuinaldean dagoen aterpe baten aldamenetik igaroko gara. Hemendik aurrera larreek eta harriek osatzen dute paisaia. Urrunera aintziraren inguruko eraikinetako bat ikus dezakegu. Eraikin honen ezkerretik igaroko gara, eta aurrerago ezkerraldean dugun mendi magaletik datorren bide bati elkartuko gatzaizkio. Bide hau jarraituz, aintzira tamainaz handitzeko egindako lur eta harrizko hormara hurbilduko gara, eta hau gaindituta Ip aintziraren hertzera iritsiko gara (2h40’; 2115 m.).

Ipeko zirkuko tontorrek inguratzen gaituzte: Pala de Ip, Hombro de Escarra, Punta del Águila, Pala de Alcañiz, Los Cuchillares, Peña Nebera, El Fraile eta Collarada. Aintzirari itzulia ematen dion bidezidorretik aintzira eta Ipeko zirkua ikuspuntu ezberdinak dastatuko ditugu, igotako bide beretik jaitsi aurretik.