Tormosako erlaitza

Enviado por Jose el 2007, Marzo 22 - 21:07.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Huesca
ABIAPUNTUA Pineta bailara
Esquema Pineta - Cinca urjauzia - Tormosako erlaitza - Pineta
Relacionados »Pineta bailara (mendi)
Gora-behera650 m
Luzera10 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Ordesako zenbait hormak bezala, Perdido, Soum de Ramond eta Punta de las Olas tontorren magalak diren Pinetako zirkuko hego-mendebaldeko hormek ere erlaitz batetatik ibiltzeko aukera eskaintzen dute, Tormosako erlaitza. 1.900 metro inguruko altueran dago, bailara baino 600 metro gorago. Zeharkatu daitekeen erlaitzeko tartea Cinca urjauzia eta Añiscloko lepotik jaisten den bidearen artekoa da, eta hiru kilometro luze da gutxi gorabehera.

Pineta bailararen barrenean, errepidea bukatzen den tokian Pinetako amabirjinaren ermita eta paradore bat daude. Hauek baino zertxobait lehenago Cinca erreka zubi baten bitartez gurutzatuz gero aparkaleku zabal bat dago, eta kanpatzeko eremu bat.

Aparkaleku honetatik abiatuko gara, mendebalderantz doan bidetik. Basoan sartuko gara, eta laster baimenik gabeko ibilgailuei bidea ixten dien katea pasatuko dugu. Bide honek Lalarri laugunera eraman gaitzake, baina guk erdi bidera arte bakarrik jarraituko dugu.

Oso aldapa leunarekin altuera irabazten goaz. Bidearen ezkerraldean iturri bat aurkituko dugu. Laster Cinca erreka gurutzatuko dugu, eta metro gutxi batzuk aurrerago ezkerrerantz bidezidor bat abiatzen dela ikusiko dugu (1440 m.; 33’). Bertatik jarraituko dugu, hasieran errekari paralelo, eta gero eskuinerantz egingo dugu errekatik urruntzeko (adi seinaleei!). Sigi-saga egingo dugu gorantz baso itxi batetan zehar.

Sigi-sagen ondoren mendebalde norantza hartzen du bideak, eremu irekian berriz ere. Aska luze bat duen iturri baten ondotik igaroko gara, eta laster bidegurutze batekin egingo dugu topo (1615 m.; 1h). Bertan dauden seinaleek adierazten diguten bezala zuzen gora jarraituz gero Pinetako Balkoira igoko ginateke. Guk ezkerreko bidea hartuko dugu, Cinca urjauzirantz eta Tormosako erlaitzerantz.

Urjauzia baino zertxobait beherago Cinca erreka gurutzatuko dugu berriz ere. Ondoren aldapa gogortu egiten da, urjauziaren aldamenetik igotzen dugun bitartean. Pasarte bat gainditzeko haitzari lotutako kate baten laguntza izango dugu, eta laster Tormosako erlaitzera iritsiko gara (≈1900 m.; 1h30’).

Hemendik aurrera altuerarik galdu edota irabazi gabe joango gara erlaitzari jarraituz, hego-ekialderantz. Bidezidorra estua da, baina eztauka inolako zailtasunik, eta Pinetako bailararen ikuspegi paregabea eskaintzen digu, bailaren barrena baino 600 metro gorago hari baikara ibiltzen, ibilaldiaren hasieran ikusi ditugun hormen gainaldetik.

Erlaitzeko bidea Añiscloko lepotik jaisten den GR-11 bidearekin topo egiten dugunean bukatzen da (3h15’). Beherantz egingo dugu. Erlaitzeko tarte osoan zuhaitz banaka batzuk topatu ditugun arren basoak baino gorago ibili gara. Orain ordea jaisten hasi eta berehala baso itxi batetan sartuko gara. Hasieran aldapa handia izango dugu, baina aurrerago lasaitu egiten da.

Bailararen barrenera iristen garenean (4h15’) bi aukera izango ditugu. Erreka gurutzatzen badugu Ronatiza aterpera joango gara. Horren ordez ezkerrerantz jotzen badugu GR bidearen marka zuri-gorriak jarraituz, errekari paralelo doan bidetik abiapuntu izan dugun aparkalekura iritsiko gara (4h30’).