Txindokiko itzulia

Submitted by inaxio on 2006, Julio 25 - 09:43.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zaila
Lurraldea Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Larraitz
Esquema Larraitz - Egurral lepoa - Larrunarri - Egurral lepoa - Muitze - Larraitz
Relacionados »Larrunarri / Txindoki (mendi) »Larrunarri eta Larraoneko itzulia (track) »GPS arrastoak (página)
Gora-behera1000 m
Luzera10 Km
Iraupena3:00 - 4:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Abaltzisketa eta Zaldibia arteko errepidean dago Larraitz, jatetxez beteta. Bi aparkaleku handi ere badira, bata errepidearen gain aldean eta beste azpi aldean. Goiko aparkalekutik abiatuko gara.

Aparkalekuaren amaieran langa pasa eta harri txintxarrezko pista zabal bati jarraituko diogu HMko norabidean. Langatik kilometro batera, iturri eta uraska bat pasa eta gero, egurrez atondutako bidezidor bat ("Txindoki" jartzen duen seinalea ere badu -2006/7/24-) abiatzen da ezker aldetik aldapan gora. Arrasto nabarmenari jarraituz helduko gara mendebaldeko bizkarrera eta han, hesia pasata, pinudi baten ertzetik jarraituko dugu, Oria iturrira heltzeko, beste bihurgune baten ondoren.

Iturrian egarria ase eta freskatu ondoren, bideari berriro ekin eta Zirigarateko bizkarrera helduko gara (bordak eta haitz mutur zorrotzak bidean). Bizkarrean gora egin behar dugu handik aurrera, Eko norabidean. Beste iturritxo baten aldamenetik pasa eta sakongune batean sartuta dauden Zirigarateko goiko bordetara helduko gara. Eta bideari jarraituz, Egurraleko lepora. Han bideak haitzak ezker aldetik saihestu eta aldapa gogorrari ekiten dio hegoaldetik, larrean urratutako arrasto sakonetan gora. Aldaparen erdialdean bideak eskubi aldera jotzen du aldapa samurragoaren bila, eta ekialdetik heltzen da tontorrera.

Jaitsiera bide beretik edo Muitze aldetik egin dezakegu. Nik bigarren hau gomendatzen dizuet.

Muitzetik jaisteko Egurraleko lepora itzuli eta ekialdera jo behar dugu, erreka aldera jaitsiz. Errekaren arrastoa jarraituko dugu gero iparraldera burdinazko langa bat pasa eta aitzarte batera heldu arte (bada iturritxo bat inguru hortan). Larrunarriren ekialdeko malkarren gaineko ikuspegi ederraz gozatzeko leku polita da huraxe. Han bideak Larraoneko hegia aukeratzen du haitzartea saihesteko, eta erreka zokora jotzen du berriro, ur jauzi baten oinera. Larrunarriren iparraldeko isurialde osoa inguratzen duen bidezidor bihurri bat abiatzen da han: luzea da, baina ibiltzeko atsegina, entretenigarria. 20 min-ren buruan ur biltegi baten itxura duen eraikin batera helduko gara, Larraitzen gain aldean; eraikin horretarako egindako pista jarraitzea aski dugu igoerako bidearekin topo egiteko. Izango da seguraski eraikin honetatik Larraitzera jaisteko bide laburragorik, baina ez nion erreparatu.