Aritxulegi .. Aiako Harria, Erroilbide

inaxio-k sortua, 2003, abuztua 20 - 00:00
Zailtasuna Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Aritxulegi
Lotuta »Aiako Harria, Erroilbide (mendi)
Gora-behera-
Luzera-
Iraupena
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Ibilbidea Arritxulo aterpetik abiatzen da, Oiartzun eta San Antongo urtegiaren artean dagoen mendateko tunelaren parean. Ibilbidearen azalpena bera luzea da, baina ez bidea hala delako, bidea nahasi samarra gerta daitekeelako baizik.
Oiartzun aldetik tunelera sartu baino lehen eskubi aldetik gora abiatzen den pista hartu behar da eta hari jarraitu aterpe libre txiki batera heldu arte. Han ezkerretara joko dugu, alanbre hesiari jarraituz, lehenengo haitzaren azpi aldera. Hara iristean horma eskubi aldean utzi eta zehar bide bati jarraituko diogu (iturri txiki bat bada bidean), minutu pare bat beranduago larre zabalago batera helduz. Han letrero batek erakutsiko digu goranzko bidea, eskubitara, aldapari aurre eginez, edo Arditurri aldera jotzen duen bidea, zuzen jarraituz. Eskubi aldera jo behar dugu, aldapan gora, haitzari begira berriro ere. Xendak hormara eramango gaitu eta hura gainditzeko lekurik aproposena erakutsiko digu, zailtasun handirik gabe. Nahi izanez gero pasarte hori saihestu daiteke, lehenago ezker aldera jotzen duen xenda aukeratuz. Bide biak elkartzen dira goraxeago, Erroilbide nagusi ageri den larre zabal batean. Haitzari begira jarrita, beregana jo behar dugu, pinudian sartuz.
Alambre hesiaren paretik jarraitzen badugu, bizkar-bizkarretik, Erroilbideren hormarekin egingo dugu topo aurrez aurre eta ez da han aurrerako biderik, goiz edo berandu ezker aldera jo eta Mendebaldetik inguratzen duen bidearekin egin beharko dugu topo. Horretarako egokiena lehenxeago aipatutako pinudian sartzearekin batera ezker aldera jotzea da, bizkarra bera baino 50 bat metro beheragotik doan bideari heltzeko. Bizkarretik jarraituz gero, berriz, Erroilbide eskubi aldean utzi eta lehenxeago ezker aldetik jaisten den xenda bilatu beharko dugu.
Xenda hau haitz artera sartzen denean behin baino gehiagotan banatzen da eta adi egon beharko dugu ohiko bidea erakusten duten marra txuriurdinak begi bistatik galdu gabe, horiek baitira bide zuzena erakusten dutenak. Bideak haitzean gora eta behera egiten du (gora gehiago behera baino, jakina) tarte batean, baina halako baten, gainontzeko haitzak ikusteko parada eskaintzen digun ertz batera heldutakoan, gora joko du kupidarik gabe, haitzaren gainean lehendabizi (I), eta lurrean sakondutako bide beltz batean gora gero, tontorreraino.
Tontorretik, Bianditz, SanAnton urtegia, Larrun alde batean eta Oiartzualdeko bailara eta Jaizkibel bestera. Bideak, nahi izanez gero, aurrera jarraitzen du, Txurrumurrura, baina hori beste baten hobeto.