Aizkorri mendikateko gandorra

Xabiaram-k sortua, 2018, maiatza 27 - 15:21
Ibilbide mota Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Zailtasuna Zaila
Lurraldea OƱati, Zegama
ABIAPUNTUA Arantzazu
Eskema Arantzazu(700m)-Urbia(1100m)-Lekunberri(1350m)-Arbelaitz(1506m)-Iraule-Atxuri(1551m)-Aketegi-Illarrabeltxeko Gaina-Aizkorri(1523m)-Tontorraundi-Oltza(1100m)-Urdabiderdikoa-Urbia-Arantzazu(700m)
Lotuta »Aitxuri (mendi) »Arbelaitz (mendi) »Aizkorri mendikateko gandorra (ibilbidea) »Aizkorri (mendi)
Gora-behera900 m
Luzera-
Iraupena6:00 - 8:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Aizkorri mendikateko gandorra
Aizkorri-Aketegi ipar gandorra Aizkorritik

Arantzazu (700m)-Urbia(1100m)-Lekunberri(1350m)-Arbelaitz(1506m)-Iraule(1511m)-Atxuri(1551m)-Aketegi(1548m)-Illarrabeltxeko Gaina(1533m)-Aizkorri(1523m)-Tontorraundi(1484m)-Oltza (1100m)-Urdabiderdikoa(1100m)-Urbia(1100m)-Arantzazu(700m)

Egun osoko ibilaldi eder bat Euskal Herriko mendialde ederrenetako batean.

URBIA
Hasiera goizeko 9:30-etan Arantzazuko aparkalekuan, hemendik Urbiara igotzeko ohiko bidea hartzen da, bidea zabala da eta garbia dago, hala ere igoera polita da, ordu eta gutxiko ibilaldian Urbiako gainean gaude jada Elorrolako lepotik Fonda alderako bidean, 400 metroko desnibela gaindituta.

LEKUNBERRI
Hurrena Lekunberri tontorra alderako bidea hartu behar da, eta hau Urbiako erreka zeharkatu eta berehala egiten da, badago apur bat aurrerago jarraitu eta Lekunberri ekialdetik igotzeko, baina nik lehena jarraitu nuen. Senda nabaria dago bertan edo bestela erreskatoari jarraituz abiatu gaitezke, 200 metro inguruko desnibela duen igoera tarte bat da Aizkorritxo eta Lekunberri arteko lepora eta Meharreko Pasabidera ere badaraman bideskari jarraituz, zati oso polita hau ere. Ordu erdiko bidea Urbiatik.

ARBELAITZ
Hurrena Lekunberritik Arbelaitz tontorrera jarraitzea, hau Lugaitzeko lepotik egiten da, 150 metro inguruko desnibela, lehen zatia esandako Lugaitzeko zelaian zehar eta eta bigarrena Arbelaitzeko harkaiztegian barna. Zati aldapatsua baina izugarri gozagarria. Behin tontorrera iritsitakoan Urbiaren ikuspegi ezinhobea izango dugu. Ordu erdiko bidea Lekunberritik.

IRAULE-ATXURI
Arbelaitz tontorretik aurrera Aizkorri mendilerroraren gandorra egin daiteke, lehenik Iraule aldera joz, zati hau apur bat zaila da gandorraren ertzetik egiteko baina, badago apur bat jeitsi eta gero Iraulera igotzeko aukera ere. Irauleko tontorra zapaldu eta begi aurrean dugun Atxurira jarraitu behar da, lehenik jeitsiera txiki bat eta ondoren 100 metro inguruko desnibela duen aldapa gora bat Atxuri tontorrera, hauxe izango da eguneko punturik garaiena, 1551 metro. Zati hau eta hurrengoa ordubete batean lasai egin daitezke.

AKETEGI-ILLARRABELTXEKO GAINA
Zati honek ez du zailtasunik eta Atxuritik oso hurbil dauden bi tontor hauek, Aketegin erpin geodesiko handi bat ere badago. Nik puntu hau hatatu nuen eguerdi aldeko atsedenaldia egiteko, zerbait jan eta edateko.
Eguraldi onarekin toki zoragarria da, eta gainera eskertzen den haizeno freskoa egoten da gandorrean.

AIZKORRI-TONTORRAUNDI
Zati honek ere ez du desnibelik ia, lehenik apur bat jeitsi behar da eta ondoren zati lau samar batean hurbiltzen gara Aizkorriko tontorrera, bertan aterpea eta baseliza bat ere badaude. Euskal Herriko tontor preziatuenetako dela esango nuke nik. Apur bat jarritzen badugu Tontorraundira ere iristen gara, puntu honetan bide ugarik egiten dute topo elkarrekin, Oltzakoak, Sandratikoak eta Sancti Spiritus-koak. Ordu erdi bateko bidea.

OLTZA-URBIA
Ibilbidean honetan aipatutako bidegurutzean Oltzako bideska hartu behar da, jeitsiera maldatsua da basoan zehar, baina bideska nahikoa nabaritzen da eroso jarraitu ahal izateko. Behin Oltzako zelaira iritsitakoan Urbiara daramaten zehar bideetako bat hartu behar da, nik Urdabiderdikoa deiturikoa hartu nuen soilduena iruditu zitzaidalako, beste biak zuhaizpekoagoak dira (Bazterbidea eta Urdabidegoikoa).
Ordu eta erdi batean egin dugu Aizkorriko jeitsiera eta Oltza eta Urbiako fondaren arteko bidea.

ARANTZAZU
Azkenik fondan zerbait hartu ondoren, Urbiatik Arantzazura jeistea besterik ez zaigu gelditzen, hemen ere aukera ugari daude, nik oraingoan ohiko bide erabilienetik jeitsi beharrean, jende asko ibiltzen da bertan, ondoko bidea hartu nuen, errekaren mendebaldetik doana alegia, basoan zeharreko jeitsiera polita da, jende askorik gabea eta beheko langatik hurbil bat egiten duena nagusiarekin.

GOMENDAGARRIA EGITERA AUSARTZEN DENARENTZAT!!
ONGI IBILI!

Irudiak

***

***

***