Zergatik ermitak

Ba, funtsean, hor daudelako. Euskal mendietan barrena dabilenak sarri topatzen ditu bidean eta beti dira entretenigarri. Asko eta asko aterpe ere badira aldi berean, goi aldean daudenean, eta ezinbesteko erreferentzia beste askotan, behe aldean, kale artetik abiatu eta mendi aldera jotzen dugunean.

Ondare publikoa dira gainera, nahiz eta estimu handirik izan ez orain eta asko eta asko lurra jotzeko zorian egon. Itxitura eta hesiz inguratuta gelditzen ari diren mendialde askotan zabalik mantentzen diren herribide zaharren arrastoei eusten diete. Ermita batek, nolabait, bertara heldu eta bere inguruan ibiltzeko eskubidea ematen dizula ematen du.

Niri dagokidanean, ez da fede kontua, alderantziz baizik. Duela gutxi jakin dugu nola Eliza herritarrek eraikitako ermita eta baseliza hauen jabe egin nahiean dabilen (Nafarroako kasuak oihartzun handia izan du), eta ez dauka horretarako inongo eskubiderik. Udalek hartu beharko lukete eraikin hauen jabetza eta ardura, eta babestu eta erabilera berriren bat eman, besterik ezean.

Asko dira oraindik zutik eta egoera onean dauden ermitak, eta baita egoera txarrean, erabat suntsituta edo desagertuta daudenak. Toponimiari begiratu bat ematea aski da ikusteko zenbat santu izen gelditu diren lurrari lotuta, Nafarroan behinik behin, eta eraikinaren arrastorik berriz ez. Nik denak jaso nahi nituzke, erabat desagertuta egon ezean. Ez da seguraski berariz inor joango harripila bat ikustera, baina aldamenetik pasatuz gero, gustatuko zaio jakitea garai batean harripila hori ermita zela, eta horri zor diola seguraski leku horrek bere izena.

Banekien asko zirela, baina ez horrenbeste egia esan. Une honetan 0 ermita dauzkagu jasota gure datu-basean, eta asko dira oraindik jasotzeko daudenak. Zerrendan falta den bat ezagutzen baduzu, badakizu, erantsi.

Zerrenda osatzeko nik erabilitako iturriak, gehien bat, mapak dira, web zerbitzuetakoak (b5m, SITNA) gehien bat. Hegoaldean nahiko nabarmen aipatzen dira mapatan, ez ordea Iparraldean, IGNrenean behintzat; iturri egokiagoren bat beharko genuke. Izango dira seguraski ermiten inguruko lurraldekako katalogoak, baina nik ez dut ezagutzen (ez dut asko begiratu ere egin).

Ez dut sarrera bakoitzeko datu askorik bereizi hasiera batean (udalerria, egoera, urtea), ez dudalako arlo hau apenas ezagutzen. Inork beste daturik eranstea egoki baderitzo, esan diezadala eta gehituko dut (erromeria egiten deneko eguna agian?). Izenari dagokionean euskarazko izena lehenetsi dut ermita izendatzerakoan, eta gaztelerazkoa jasotzeko beste eremu bat jarri dut. Batzuetan gaztelerazko izena nola euskaratu jakin ez eta bere horretan utzi dut. Santuen izendegi ofizial bat ere badela aurkitu dut gero, Euskaltzaindiarenean, baina beste askorekin ezin asmatu (nola esan beharko genituzke euskaraz "sagrado corazón", "nuestra señora", e.a.). Oso esanguratsua ere ez zait iruditzen gaur egun, egia esan, santuaren izena, baina tira...

Ermitas de Bizkaia

Hasi naiz liburuetako ermitak jasotzen. Liburu mardulak dira, argazki, mapa, marrazki eta datu ugarirekin osatutako ermita bakoitzeko fitxaz osatuak. Lan itzela da Gurutzi Arregik egindakoa. Kokapen geografikoa Meridiano de Madrid datum-a erabiliz jasota dago eta gutxi-gorabeherako bihurketa bat eginez bilatzen dut mapa gainean. 100 m inguruko errore margina ematen du, antza denez. Asmatu ezin dudanean edo zalantza haundiak ditudanean galdera ikurra eransten diot izenari.

Bizkaiako ermiten katalogoa

Duela urte batzuk Gurutzi Arregik Bizkaiako ermiten katalogo bat argitaratu zuen, hainbat urtetako lanaren ondoren, Ermitas de Bizkaia izenburuarekin. Egunkariko artikulu honetan izan nuen horren berri: Las antiguas parroquias.

Bai, gaur goizean ikusi dut,

Bai, gaur goizean ikusi dut, Bizkaiko ermitak nondik jaso begiratzen ari nintzela. 3 liburuki omen dira! Ikusi dut herriko liburutegian badela eta bihar bila joateko asmoa dut. Ez dira seguraski geografikoki zehatz kokatuta egongo, baina erreferentzia egokia izango da zalantzarik gabe.