Kartografo ero-ero haiek!

Kartografo ero-ero haiek!
Arabiako urtegia

80ko hamarkada ilunean hasi ginen mendira joaten. Horrekin dena erranik dago: berrogeiak atzean utziak ditugunok ez genuen oraingo teknologiaren laguntzarik ere gure lehenbiziko urratsetan, internetik ez, GPSrik ere ez... Bakerotan joaten ginen mendira eta lehenbiziko bota parea erosi genuenerako gure zapatilek gailur sorta ederra zapaldua zuten.
Mendi gida gutxi zeuden (horietaz ere beste uneren batean hitz eginen dizuet) eta laguntza bakarra mapetan zegoen. Eta hor zegoen arazoa.
Mapa bakakarrak Espainiako Armadaren Geografia Institutuak eginak ziren. Ez dakit zer moduz moldatuko ote diren orain Afganistan aldean, baina Nafarroan galdu samar ibili ziren gure heroiak.
Mikel Belaskok (kaixo, gelakide!) bere hiztegi etimologikoaren hitzaurrean gogora ekartzen ditu mapetan ikusitako izugarrikeria batzuk: gure geografo trebeek Larzabal mendia Narval bihurtu zuten. Hurrengo hankasartzea egiteko ez ziren oso urrun joan: Auzalor mendia El Lanzador bihurtu zuten. Nik, garai batean hura benetako izena zela guztiz sinetsirik, pentsatzen nuen gure arbaso basatiek zerbait -harriak edo- botako zutela gain hartatik... Enfin.
Belaskok jasotzen duen hoberena azkenerako utzi dut: ezetz jakin zer bihurtu zuten gure Legunbe harritsua? Bai, asmatu duzue: Legumbre izen iraingarria jarri zioten, gain harro hori babarrun edo dilista xumeen pare jarriz.
Belaskoren adibideek bultzaturik, mapetan aurkituriko hainbat izugarrikeria ekartzera animatu naiz.
1- Lehenbizikoa ez da oso deigarria. Gainera “Frantzian” dagoenez, barkagarriagoa ematen du. Gure Iparraldeko anai-arrebek Elhursaro izendaturiko mendia El husaro utzi zuten. Tira, erran bezala ez da gauza handia.
2- Baina antzekoa egin zuten Zilbeti aldean: Etxarro zonaldea “El Charro” bihurtu zuten. Rantxeren maitalea nonbait gure geografoa...
3- Hurrengoa egiteko hiriburura bertara etorri ziren. Irunsemeok dakigunez, hilerria dagoen zonaldeak Beritxitos du izena. Izen arraroegia nonbait gure kartografoarentzat, “Chirivitos” barregarria jarri baitzion.
4- Bere hankasartzeaz ohartu zen gure gizona, nonbait, eta ordain gisa edo, mendi famatu bat hurbildu zigun Iruñerrira. Horretarako ez zuen lan handirik egin behar izan: Oriz mendixka xumea lehen dibisiora igo zuen “El pico de Ori” berbataiatuz.
5- Hoberena amaierarako. Ori ikusgarria Iruñerrira ekarrita, Iratiko oihanak bere nortasuna galdu zuen. Horrenbestez, ez zen harritzekoa pago eta izei lerdenak palmondotzat hartu eta duna erraldoiekin nahasi Abodiko konkor leunak. Normala zen beraz, Irabiako urtegia... hobe da zeuek ikustea.

Tira, hor uzten dizkizuet mapen argazkiak, errandakoaren frogagarri. Zer erranik ez, izenak nabarmendu besterik ez dut egin, ezer aldatu gabe. Seguru nago zuek ere beste bitxikeriaren bat topatu duzuela zuen mapetan. Anima zaitezte beraz, eta jarri zeuen aurkikuntzak hemen, barre egin dezagun!

Imágenes







Gaur egun ere gertatzen dira

Gaur egun ere gertatzen dira holakoak, begiratu bestela Google Maps: http://maps.google.com/?ie=UTF8&hq=&hnear=Spain&t=h&ll=42.926954,-1.7746...

Jaja, bai ona Compañiarena!

Jaja, bai ona Compañiarena! Google mapsen herriaren euskarazko izena erabili balute ez zuten hankasartzea eginen...