Sanzolo Belabarzetik

Enviado por zuriain el 2010, Junio 29 - 20:10.
Tipo de itinerario Joan-etorria bide beretik
Dificultad Oso zaila
Lurraldea Nafarroa
ABIAPUNTUA Mayo borda, Belabarze
Relacionados »Belabarsaitsa (mendi)
Gora-behera-
Luzera-
Iraupena0:00 - 0:15
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Sanzolo Belabarzetik
Mapa: Sanzolo eta Belabarsaitsa

Sanzolo eta Belabarsaitsa txango berean egin badaitezke ere, gu bi egun desberdinetan joan ginen, lehenbizikoan ekaitza izan baikenuen.
Ederrak izanik ere, mendi hauek nahiko irispide zailak dituzte. Distantzia eta desnibela handiak izan ez arren, malda handiak, landaretza itxiak eta malkarrek bat egiten dute txangoa zaildu eta batzuetan etsigarria bihurtzeko. Kontu handia hartu, beraz, eta ez igo elurra edo izotzarekin. Deskribatuko dudan ibilbidea neuk egindakoa da, baliteke hoberik eta ederragorik egotea, baina... nik ez dut ezagutzen!
Autoa Belabarzeko errepìdeko 2.9 kilometroan utziko dugu, Mayo bordaren ondoan. Jaisten hasiko gara hegoalderantz, ondoan dugun belardiaren hondorantz. Bide bat ikusiko dugu, ederra oso, Iboneko harperaino eta urjauziraino eramanen gaituena. Horiek bisitatuta, bideari lotu eta basotik aterako gara pista zabal batera. Adi ibiliko gara, berehala bidexka bat hasten baita gure eskuinaldean. Bide hasiera ez da batere nabarmena -track-ean eta mapan ikusiko duzue-, baina gero bideak garbi egiten du gora, eta berehala Artekomendia lepo ederrean utziko gaitu. Hemenedik Belabarsaitsa eta Sanzolera igoko gara.
Sanzolera joateko lepoaren iparraldeko muturrean hasten den bidexka hartuko dugu. Astia hartu eta bilatu bidexkaren hasiera, bestela larri ibiliko gara. Bide oso garbia izan ez arren, bidea da. Horri jarraituz, lepo estu batera iritsiko gara, mendiaren sorbalda batean dagoena. Orain hasiko dira benetako zailtasunak. Basoko zati garbienak aukeratuz, ekialderantz joko dugu, igoera gogor baina ez oso luze batean. Beste lepo luzeago eta garbiago batera iritsiko gara, nondik Sanzoloko gailur harritsua ikusgai izanen baitugu.
Lepo horretatik gora jarraituko dugu, gailurrerantz zuzenean. Hemen ez dago ihesbiderik. Mendiak duen guztiarekin erasoko digu: sasia, ezpela, harria... azken metro hauek deserosoak ez ezik arriskutsuak ere badira, batzuetan harriz harri saltoka ibiliko baikara. Ez da eskalatu behar, baina malkarretan gora igotzeak gure mendi eskarmentu guztia eskatuko digu. Neke eta peke hauen guztien ondotik, Sanzoloko gailur bakartira iritsiko gara, ikuspegi ederrekin, eta gutxi iristen diren toki batean egoteko sentipenarekin. Merezi izan du? Bakoitzak erranen.

AdjuntoTamaño
SANZOLO ARGITARATZEKO.gpx50.84 KB
Imágenes