Andia hegoaldeko gainak. Garindo eta Soroluzeta

zuriain-k sortua, 2010, martxoa 23 - 12:21
Ibilbide mota Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Zailtasuna Oso zaila
Lurraldea Nafarroa
ABIAPUNTUA Genbeko mendateko 16. kma
Lotuta »Garindo (mendi)
Gora-behera-
Luzera-
Iraupena0:00 - 0:15
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Andia hegoaldeko gainak. Garindo eta Soroluzeta
MAPA: Garindo eta Soroluzeta

Andiako hegoaldeko gain ahaztu hauetara igoko gara. Horretarako, Genbeko mendateko 16. kman utziko dugu autoa, bihurgune nabarmen batean. Bertan ataka bat dago txarrantxa igarotzeko. Bidexka eder batek sartuko gaitu Lezaiako arroil ederrean. Bidexka harri pilez markaturik dago eskalada eremu bateraino, talaia ederra dena arroilaren gainean. Merezi du balkoi hau bisitatzeak. Gure bideak, baina, eskalada eremuko sahiesbidea hartzen den tokian jarraitzen du aurrera, arroilaren luzera osoa ibiliz, eta batzuetan -zuhaitzek uzten digutenean- paisaia ederrak eskainiz. Bideak Munarriz herriko aldirietaraino eramanen gaitu. Herrira sartu gabe, errepidea zeharkatu eta nabe handi baten aurrean pasatzen den pista hartuko dugu. Pista horrek Garindo eta Soroluzetaren arteko lepora eramanen gaitu minutu gutxitan. Lepoan ur putzu bat eta burdinazko gurutze zahar bat ikusiko ditugu. Pistan aurrera joz, lehen igo eta berehala apur bat jaitsiko gara. Orain ezkerretara joko dugu, zelaia ixten duen txarrantxaren ezkerretara: harri pilek lagunduko gaituzte. Bidexka batek sigi-saga horma gainditu eta Garindoko gainaldera aterako gara. Kairn batek eta tako geodesiko batek markatzen dute gailurra. Paisaia zabalak alde guztietara.
Etorritako bidetik itzul gintezke, edo Muniango pista hartu eta itzuli handia egin autoraino. Soroluzeta gainera igo nahi izanez gero, lepora itzuli eta langa igaro orduko, hegoalderantz joko dugu, ataka bat pasatuta. Hasieran bidexka bati jarraituko diogu... baina laster bidea galdu eta ezpelen artean borrokan hasiko gara. Nik jarritako trackari jarraituz gero, zailtasunak aurkituko dituzue hainbat zatitan. Zuen esku dago mendi hau igotzea, baina nik ez nioke inori gomendatuko... non eta mendi bildumazale amorratua ez bada. Hala bada, ezpelen arteko xendra erdi itxiei jarraituz, eta oro har mendiko gainaldeari eutsiz, lehen gailur batera iritsiko gara ( WGS84 42,805281, -1,891643). Mapa batzuen arabera, hau izan daiteke Soroluzetako gailurretako bat. Landaretza zabaldu eta ikuspegi apur bat izanen dugu. Kairn bat eta harrizko murru bat ikusiko ditugu. Mapa gehienen arabera, baina, Soroluzetako gailurra hegoalderago dago. Berriz ere borrokara itzulita, mendiaren gainalde osoa zeharkatu eta bat-batean, bide zabal batera aterako gara. Bide hau errepidera jaisten da, eta itzultzeko erabiliko dugu. Nolanahi ere, mendia hainbeste zailtasunik gabe igotzeko balio lezake. Soroluzetako gailur nagusira iristeko berriz ere bidea utzi eta ehiztarien postuak jarrita dauden mendi gainaldea zeharkatuko dugu. Bi txarrantxa elkartzen diren toki batera iritsita, aurrera jarraitu eta hogei bat metrora kairn handi bat ikusiko dugu. Soroluzetako gailurra da. Itzultzeko, aipatu bidea hartu eta errepideko 18. kmra eramanen gaitu. Hoberena bi kilometroak errepidez egitea, basoa zeharkatzea izugarria izan bailiteke. Nolanahi ere, zuen esku dago saiatzea...

EranskinaTamaina
Garindo-Soroluzeta.gpx118.85 KB
Irudiak