Tx. Nanki GMren txartelontziak.

Tx. Nanki GMren txartelontziak.

Jakin badakit iruzkin xume hau tontakeria irudituko zaiola bat baino gehiagori, baina aspaldidanik nuen gogoa txartelontzi bitxi hauei buruz aritzeko.
Mendira joaten hasi ginenetik atentzioa eman ziguten buzoi ttiki haiek, hain xumeak eta aldi berean hain gotorrak. Buzoi hauetan “Tx. Nanki GM” hitzak agertzen ziren metalezko txapatxoan idatzita. Zer edo nor zen Nanki hori? Inondik ere, ez da euskal izena. Googleren bilatuta, japoniarra dela ematen du. Eta Tx. hori? Txantreako autoen plaketan agertzen diren letrak ote... ala pertsona izen baten lehenbizikoak? Auskalo. Bestalde, plakatxoek beraiek ere partikulartasun eder bat zuten: gehienak eskuz eginak zeuden, ez zen makineria sofistikaturik erabili metalean idazteko. Nik dakidanez, Olotokikoa da plaka erosi bat daraman bakarra.
Nik dakidanez, Tx. Nankiren hamazazpi txartelontzi daude gaur egun Nafarroako mendietan. Hemezortzigarren bat izan zen, Aldaxurren, baina aspaldi desagertu zen... eta Txargaingoa ere desagertzeko bidean dago, estalkia galdu eta erabat herdoildurik baitago.
Tx. Nankiren txartelontziak lau motatakoak dira: gehienek zilindro txiki baten eitea dute, soila eta gotorra. Beste hiru (Xuriain, Urrizkain eta Mendilatzekoa) zilindrikoak dira ere, baina tamaina askoz handiagoak.
Hiru piramidetxo daude (Jaun Done Jakue, Berrendi eta Alaitz) eta etxetxo itxurako beste hiru (Mendigaña, Lareki eta Artzabal)
Ezaugarririk deigarrienetako bat haien kokapena da. Mapan ikus daitekeen bezala, denak Nafarroako zonalde jakin batean pilatzen dira: gehen-gehienak ipar-ekialdeko mendietan. Txargain eta Alaitzkoak zonalde horretatik kanpo gelditzen dira.
Datak ere anitzak dira: lehenbizikoak 70eko hamarkadaren amaieran jarriak dira. Azkenekoak 90ekoan jarri ziren. Eta hain aspaldikoak izanik ere, badirudi norbaitek segitzen duela arduratzen buzoien kontserbazioaz, aspaldi honetan bat baino gehiago margotu berri aurkitu baitugu, herdoilaren aurkako margoarekin.
Tira, horixe da txartelontzi horiei buruz dakidana. Norbaitek beste argibiderik badu, eskertuko nioke informazio hori helarazi edo webguneari bidaltzea.
Eta Tx. Nanki GMko norbaitek hau irakurriko balu, agur mendizale bat, eta eskerrik beroenak zuen lan isilagatik.

Tx Nanki

Kaixo:
Nik badakit nortzuk diren Tx eta Nanki. Oraindik interesik baduzu, idatzi email bat eta kontatuko dizut (mireniriarte@hotmail.com)