Narbartetik Oteitzoianara

Enviado por inaxio el 2008, Mayo 6 - 22:05.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Nafarroa
ABIAPUNTUA Narbarte
Esquema Narbarte - Meate lepoa - Meate - Meate lepoa - Oteitzoiana - Narbarte.
Relacionados »Oteitzoiana (mendi) »Narbartetik Oteitzoianara (track)
Gora-behera700 m
Luzera12 Km
Iraupena3:00 - 4:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Narbarten, errepidea jarraituko dugu Oronoz-Mugairi aldera herriko irteerarantz, iturri dotore bat ikusi arte ezker aldean: haren aldamenetik abiatzen den bide zabalari jarraituko diogu mendi aldera. Belardi batzuen artetik pasa, etxe bat atzean utzi eta laster helduko gara bidegurutze batera; ezkerrera joko dugu han, mendi aldera berriz ere. Hurrengo bidegurutzean ere bai, ezker-eskubiko bideak bazterrean utzi eta basorantz joko dugu. Basoan sartu eta bihurgune pare baten ondoren, beste bidegurutze batekin egingo dugu topo; han eskubi aldekoa utzi eta aldapan gora egiten duen pistari jarraituko diogu. Bide honek sigi-saga egiten du aldapan gora, nahikoa dugu gora egiten duen arrasto nabarmenena jarraitzea puska batean. Halako batean gain zabal batera heltzen da eta arrastoa desagertzen doa; aurrean izango dugu ordurako Oteitzoianaren HEko gandorra. Gandorrerantz jo eta laster egingo dugu topo Narbarte aldetik datorren pista zabalarekin.

Pista honetan eskubira jo eta errekasto baten aldamenean eraikitako ur biltegi batera helduko gara (suteetarako ura dela jartzen du bertan). Han pista utzi eta errekastoaren paretik gora egiten duen bideari ekingo diogu, Meateko lepora heldu arte. Han pago multzo txiki bat topatuko dugu, borda baten kondarrei itzal eginez. Harri mutur ugari ikus daiteke inguruetan: horietako batzuk historiaurreko aztarnak dira. Oteitzoiana ezker aldean gelditzen da, eta Meate eskubi aldean.

Meateko gaina zapaltzeko aski duzue bizkarrari jarraituz igotzea. Ez da buzoirik ageri (2008-05-01) gainean, baina bista politak ditu Oteitzoiana aldera.

Oteitzoiana gainera heltzeko berriz, aldapa igotzea aski da, baina gora egitean ezker aldera joz gero, HEko bizkarrera zeharka igotzen den bidezidor bat ikusiko duzue, eta harek erraztuko dizue bidea. Bizkarreko ertzari jarraituz helduko gara gero tontorrera, inongo zailtasunik gabe.

Itzultzeko, bide bera egin beharrean, HMko bizkarrari jarraituko diogu, ertzean harrotutako harkaitzak eta alambre hesiaren artetik. Borda baten horma erorien ondotik pasa eta aurrerago, urrutira gabe, ikusiko duzue bidearen arrastoa hegoaldera abiatzen dela aldapan behera alambre hesiaren aldamenean jarraituz. Beherago pinudi bat ikusten da, eta zuhaizti baten itzalean dagoen borda: hara jo behar dugu. Pinudia inguratuz pista zabal batekin egingo dugu topo laster. Eskubi aldetik aldapan behera abiatzen den bidea baztertu eta ezker aldera joko dugu, bide zabalena hautatuz. Laster hartzen du hark ere beherako bidea, eta pista zabalago batekin egingo dugu topo laster. Pista zabal horri behera jarraitzea aski da Narbartera itzultzeko.