Artzamendi Laxiatik

Enviado por ietxaburu el 2008, Marzo 8 - 11:03.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Iparraldea
ABIAPUNTUA Itsasuko Laxia auzoa (Lapurdi)
Esquema Laxia, Apalaeneatik gorako haran txikitik gora, Artzamendi, Malda tontorraren ondotik behera, Laxia
Relacionados »Artzamendi (mendi) »Artzamendi Laxiatik (track)
Gora-behera900 m
Luzera12 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Itsasu herritik, Atheka Gaitza (Pas de Roland) izeneko paraje ederretik (Errobi ibaiaren ondotik) jarraituko dugu Laxia izeneko auzoraino. Hemen lehen iristen direnek kotxea aparkatzeko lekua izango dute.

Laxian (40 m.), izen bereko erreka zeharkatu zubitik, eta ekialderantz jarraituko dugu kamiotik, Errobi ibaia ezkerretara dugula eta ordu laurden ibili ondoren (ezkerretara beheraxego baserri bat igaro ondoren), eskuinetara ateratzen den pista asfaltatua hartuko dugu. Bost minutu ibili eta Ossingaraia baserrira iritsiko gara. Hemen, baserri ondotik zelaien barrena hego-mendebalderantz traktoreek ibilian ibilian egindako erdi bide lau bat jarraituko dugu eta beste bost minutuan, zelaien beste aldean dagoen borda zahar batera iritsiko gara. Hemen, mendian gora abiatzen den bide bat jarraituko dugu. Bide honek, hego mendebalderanzko norabidea jarraitzen du eta haran txiki batean sartzen da.

Aurrera jarraituz, erreka zeharkatzen duen zubi dotoreraino iritsiko gara. Errekaren beste aldean, borda ederra izandakoa ikusiko dugu. (290 m., 45 minutu). Baina bidea bukatu egin dela dirudien arren, 100 m. gorago, beste borda bat ikusiko dugu, eta haraxe jo behar dugu (hego alderantz), bide garbirik gabe, beti ere erreka ezkerretara beherago dugularik. Bigarren borda honetatik aurrera, bide aztarna jarraitu azal izango dugu, baina pixkanaka pixkanaka, errekarekin bat egin dugu eta zintzurraren barrenetik jarraituko, biderik gabe, baina arazorik gabe ur askorik ez ba du errekak.
Halako batean, zintzurraren bukaerara iritsiko gara. (450 m.). Eskuineko belardi maldatsutik gora (mendebalderantz) joko dugu eta honela goiko eremu zabaletara iritsiko gara (Plateau Vert).

Aurrean (hego aldera) dugu tontorra. Zorionez hemendik ez dira ikusten goiko eraikuntzak eta bakoitzak nahi duen lekutik gora egin dezake. Tontorretik (2 ordu 15 min.) ikusten den paisaia, nahiz alde batera, nahiz bestera, zoragarria da, tontorra bera ezik.

Tontorretik jaisteko, marra hori batzuen bidez seinalaturiko bidea jarraituz, ipar aldeko eremu zabaletara iritsiko gara eta goranzkoan etorri garen harantxoa eskuinetara utzita, hondatutako borda pare baten aurretik igaroko gara. “Malda” tontorra ezkerretara utzi eta laster, aurrera jarraitzen duen bide zabala utzita, ezkerretara, Laxia errekaren haranera jaisten hasten den bidea seinalatuko digute marra horiek (490 m). Lehengo harritza batetik eta gero borda handi baten aurretik igaro ondoren zuhaitzen artetik, lokatz askoko zenbait gune igaroko ditugu eta pista zabal batera iristean (150 m.), hesi batekin egingo dugu topo eta aurrera egiten galaraziko (“propieté privé”). Gainetik igaro nintzen, eta ehun metro aurrerago zegoen etxe/baserri aurretik igarotzean, gizonari grazia handiegirik ez ziola egin, ikusi nuen. Bost minutu pistan zehar eta Laxia erreka gaineko zubian nintzen (hemen ere, behetik sartzen direnei ohartarazteko “propieté privé” kartelak daude. Beste bost minutu kamiotik eta kotxe aurrean nintzen. (tontorretik 80 minutu)
Behar bada, hesiaren gainetik igaro nintzen lekuan, bazegoen beste aukera. Maparen arabera, ipar ekialderantz bide bat dago eta 400 m eginda, Laxia auzoko gaineko aldera, kamiora, iristen da (?).