Etxegarateko zaindaria

Enviado por Jose el 2008, Febrero 12 - 22:55.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Erraza
Lurraldea Gipuzkoa, Nafarroa
ABIAPUNTUA Etxegarate
Esquema Etxegarate - Unanibi Lepoa - Unanibi tontorra - Aitxu - Izozkoa gaina - Areatza - Balankaleku - Etxegarate
Relacionados »Areatza / Izozkoa (mendi)
Gora-behera450 m
Luzera7 Km
Iraupena2:30 - 3:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Etxegarate mendatearen gainean kokatua, Areatza, tontor bat baino gehiago gorabehera txikiko mendi-bizkar bat da. Areatza hegoaldeko ertza da, iparraldekoak Aitxu du izena, eta bien artean Izozkoa gaina dago. Etxegarate abiapuntu hartuta itzuli erraz eta polit bat egin daiteke, igoeran Unanibi lepotik igarota, eta jaitsiera GR bideen markak jarraituz eginez.

ETXEGARATE (655 m.)

Etxegarateko mendatean, errepidearen ekialdean, gaur egun itxita dagoen jatetxe baten ondoko aparkalekutik abiatuko gara, ipar-ekialderantz doan bidetik, errekastoa jarraituz, gorantz, baina aldapa leunarekin. Errekastoa aldapatsuagoa den tokian, bide honek eskuinerantz bihurgune estu bat hartzen du, eta segituan beste bat ezkerrerantz. Errekastoa baino metro batzuk gorago gaude orain.

Aurrerago bideak errekastoa gurutzatuko du, eta guk, metro batzuk lehenago bidea utzi eta eskuinerantz joko dugu larre eta garo artean zuzen gorantz, ipar-ekialde norabidearekin. Metro batzuk igo ondoren, iparralderantz eramango gaituen bidezidor bat aurkituko dugu.

UNANIBI LEPOA (835 m.; 35')

Bidezidor hau jarraituz Unanibi lepora iritsiko gara. Izen bereko tumulu bat dago lepoan bertan, eta mendebaldean Unanibi edo Egiroeta (888 m.) izenaz ezagutzen den tontor txiki bat. Minutu gutxitan egin dezakegu tontor horretara joan-etorria.

Berriz ere Unanibi lepora itzulita, ekialderantz doan bide bat hartuko dugu, pinuz estalitako mendi-bizkarra harrapatu arte. Mendi-bizkarrean zehar doan bidezidorrari jarraituz iparralderantz joko dugu, aldapa leunarekin igotzen, harri-pila handi baten bitartez adierazitako tontor betetara iritsi arte, Aitxu.

AITXU (964 m.; 1h10')

Atzera berriz ere hegoalderantz itzuliko gara, eta mendi-bizkarrera agertu garan tokitik pasata aurrera jarraituko dugu. Aitxu eta Praalata trikuharrien aldamenetik igaroko gara, eta Izozkoa gaina (937 m.) izeneko muinora igoko gara.

IZOZKOA GAINA (943 m.; 1h25')

Hegoalderantz jarraituz, Izozkoa eta Areatza arteko lepora jaitsiko gara, eta aldapa labur baina gogor bat igoko dugu, pago artean, Areatzako tontor luzexkara iristeko.

AREATZA (983 m.; 1h45')

Hegoalderantz jaitsiko gara, Balankaleku lepoaren bila. Lepoan tumulu handi batek inguratutako trikuharri bat aurkituko dugu, eta baita GR 12 eta GR 121 ibilbideen marka zuri-gorriak ere. Hauek jarraituz ipar-mendebalderantz joango gara, Areatzaren magala zeharkatuz, eta ondoren jaisten hasiko gara. Garo-sail baten erditik zuzen-zuzen jaitsiko gara. Txabola baten aldamenetik pasatu, eta oso nabarmena den bideari jarraituz laster Etxegaratera iritsiko gara.

ETXEGARATE (655 m.; 2h25')