Erroiarri urjauzia, Artikutzako herria eta Bianditz

Enviado por Jose el 2007, Septiembre 15 - 19:25.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Erraza
Lurraldea Nafarroa
ABIAPUNTUA Eskas
Esquema Eskas - Erroiarri urjauzia - Artikutza - Bidango Gaña - Bianditz - Bianditz mendatea - Eskas
Relacionados »Bianditz (mendi) »Erroiarri urjauzia, Artikutzako herria eta Bianditz (ibilbide) »Bidango Gaina (mendi)
Gora-behera650 m
Luzera13.5 Km
Iraupena3:00 - 4:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Jarraian azaltzen den ibilbideak Artikutzako eremuko zenbait bereizgarri eta toki eder ezagutzeko aukera ematen digu. Besteak beste, Artikutza herria, Erroiarri urjauzia, Bianditz eta Bidango Gañeko tontorrak, hainbat mairubaratza, eta nola ez, baso trinko eta aberatsa. Azkeneko 90 urteetan baso-uztiapenik jasan ez izanak eta jasotzen duen euri emari ugariak izaera eta itxura bereziko basoa sortu dute. Euskal Herrian nekez aurki daitezke horrelako basoak.

ESKAS (650 m.)

Eskaseko atezaindegiko atea zeharkatu eta errepidean behera ibiltzen hasiko gara, kilometro erdi inguru, lepo zabal batetara hurbilduz. Errepidearen ezkerrean, Artikutzako herrira jaisteko bidezidorraren hasiera adierazten duen seinale bat aurkituko dugu. Bertatik joko dugu, basoan sartuz.

Hasieran aldapa lasaiarekin jaisten hasiko gara, gero zertxobait aldapa gehiagorekin, Artikutzako baso ederretan barrena. Inguru honetan pagoa da nagusi. Eroritako pago zaharrek, basa-bizitza aberatzaren oinarria, itxura berezia ematen diote baso honi.

Errekatxo bat egurrezko zubi baten bitartez zeharkatu, eta errekaren ezkerraldetik jarraituko dugu, Erroiarri urjauzira gerturatuz. Bidea urjauziaren gainaldetik igarotzen da.

ERROIARRI URJAUZIA (450 m.; 30’)

Urjauziaren ondoren erreka metro batzuk beherago dago, jakina. Guk eztugu altuerarik galduko ordea, alderantziz baizik. Ezker magal aldapatsuan aurrera egingo dugu zeharka, zertxobait igoz, eta errekatik urrunduz, hegi baten bizkarra harrapatu arte. Puntu honetan ezkerretik datorren bide bati elkartuko gatzaizkio. Bidegurutze hau gogoan hartu behar dugu, herritik itzultzean ezkerreko bidetik gorantz jarraituko baitugu.

Hegian aurrera jarraituko dugu, hego-mendebalderantz. Tarte lau baten ondoren berriz ere beherantz egiten du bideak, Artikutzako urtegia inguratzen duen bidera irten arte. Bide hau eskuinerantz jarraituz Artikutzako herrigunera iritsiko gara.

ARTIKUTZA (315 m.; 1h)

Dozena erdi etxebizitza, eliza eta frontoiak osatzen duten herri txiki hau ikusi ondoren, etorritako bidetik itzuliko gara, lehen aipatutako bidegurutzera iritsi arte. Bidegurutze honetan zuzen gora jarraitu behar dugu, Erroiarri urjauzira doan ezkerreko bidea alde batera utzita.

Laster eskuinetik datorren bide bati elkartuko gatzaizkio, eta igotzen jarraituko dugu, nahiko aldapa gogorrarekin.

Basotik irten eta mendi-bizkarra estaltzen duen garo-saila zeharkatuko dugu, iparralderantz. Bide bat gurutzatuta zuzen gora jarraituko dugu, Bidango Gaña izena duen tontor batetara iritsi arte.

BIDANGO GAÑA (783 m.; 2h10’)

Izen bereko mairubaratza bat dago tontorrean, eta baita alanbre hezi bat ere, Artikutzako eremuaren ertzean bait gaude. Heziaren bestaldean heiza postua.

Bianditz begi bistan dugu, ipar-mendebaldean. Norabide horretan jaitsiko gara garo-sailean zehar, Burnaiztietako lepora (718 m.), eta bide garbia jarraituz maldan gora egingo dugu. Metro batzuk igota, bi mairubaratza aurkituko ditugu bidearen ondoan. Toki honetan bidea utzi egin behar dugu, bide honetatik aurrera egingo bagenu Bianditz hegoaldetik inguratu eta Eskasen agertuko bait ginateke. Eskuineratz joko dugu, bide garbi gabe, hezia zeharkatzeko tokiren baten bila. Gaztarrita II mairubaratza dago inguru honetan.

Hezia gaindituta Artikutzako eremutik irten gara, eta hezia jarraituz gorantz egingo dugu. Bide garbia dago. Haitzezko bi kaskotatik pasatuko gara. Bigarrenak buzoi txiki bat du (Galtzarrieta 813 m.).

Lepo zabal batetara jaitsi eta azkeneko aldapa leuna igotzeari ekingo diogu, heziaren eskuinaldetik belardian barrena doan bidetik, eta minutu gutxitan Bianditzeko tontorrera iritsiko gara.

BIANDITZ (845 m.; 2h40’)

Ikuspegi ederretaz goza dezakegu Bianditzetik. Donostialdea, Jaizkibel, Aiako Harriak eta Larrun, besteak beste. Agian honaino egindako bidean ezkenuen mendizale asko ikusiko, baina ziur tontorrean bat baino gehiagorekin aurkituko garela. Izan ere, Bianditzeko mendatetik datorren bide labur eta atseginaz jente asko baliatzen baita pasio lasai bat eginaz hona etortzeko. Guk ere bide hori jarraituko dugu Exkaxera itzultzeko.

Mendebalderantz joko dugu mendi-bizkarreko belardiak jarraituz, hezia ezkerrean dugula. Muino txiki batetan Arritxulangañako mairubaratzak aurkituko ditugu. Irumugarrieta izenaz ere ezagutzen dira.

Mendi-bizkarretik hego-mendebalderantz jarraituko dugu, ondoren berriz ere mendebalderantz, eta gora-behera txiki batzuren ondoren Bianditz mendatera jaitsiko gara.

BIANDITZ MENDATEA (704 m.; 3h5’)

Errepidetik ezkerrerantz jaitsiko gara. Kilometro ingurura, berriz ere Artikutzako eremuan sartzen hari garela adierazten duen kartel bat ikusiko dugu errepidearen bazterrean.

ESKAS (650 m.; 3h20’)

Eta zertxobait aurrerago Eskaseko atezaindegira iritsiko gara, ibilaldiari amaiera emanez.

Imágenes

****

****

****

***

****

***

****

***

***

***

***

****

***

****