San Andresetik Atxolin eta Irukurutzetara

Jose-k sortua, 2006, apirila 17 - 18:09
Ibilbide mota Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Zailtasuna Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Gipuzkoa
ABIAPUNTUA San Andres (Soraluze)
Eskema San Andres - Urkiazelai - Iruia - Atxolin - Pagobedeinkatu - Irukurutzeta - Pol-pol - San Andres
Lotuta »Irukurutzeta (mendi) »Atxolin (mendi)
Gora-behera600 m
Luzera12 Km
Iraupena2:00 - 2:30
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Ibilbide lasai honek, Kortazar (Karakate) eta Irukurutzeta arteko mendi gainaren zati bat ezagutzeko aukera ematen digu, eta bertara igotzeko zein jaisteko bi bide erakusten dizkigu. San Andresetik abiatuta Urkiazelaitik barrena igoko gara mendi gainera, eta Atxolin eta Irukurutzetako tontorrak zapaldu ondoren Pol-pol iturrian eztarria busti eta San Andresera itzuliko gara.

SAN ANDRES (390 m.)
Esan bezala, ibilaldia Soraluzeko San Andres auzunetik hasiko dugu. Ermita, bolatokia, frontoia eta haurrentzako jolasak daude bertan, bai eta aparkaleku bat ere gure automobila bertan utz dezagun. Ermitaren ondoko iturrian ura hartzea komeni zaigu, ibilbidearen zati handienean ez baitugu iturririk aurkituko. Badira zenbait iturri gure bidetik gertu, baina hemen ezta azaltzen bertara nola iritsi.
Gorantz egiten duten bi errepide irteten dira San Andresetik. Bata asfaltozkoa, Soraluzetik hona ekarri gaituenaren jarraipena, eta bestea porlanezkoa, San Andres auzoa Txurruka auzoarekin lotzen duena. Ibilbidearen bukaeran porlanezko errepide honetatik etorriko gara, baina orain asfaltozkoa hartuko dugu, iparralderantz, eta zenbait kilometroz bertatik jarraituko dugu. Hiru baserriren ondotik igaroko gara, Goenetxe, Izagirre eta Goenetxe-Etxetxo.
Laster bidegurutze batera iritsiko gara. Txabola bat dago errepidearen eskuinean. Ezkerreko bidea Ezozira jaisten da. Guk asfaltozko errepidetik igotzen jarraituko dugu. Berehala ezkerretara bihurgune bat hartuko dugu, eta ondoren bihurgune itxi bat eskuinera. Bigarren bihurgune honetatik irten eta metro gutxitara, ezkerraldetik bidezidor bat abiatzen dela ikusiko dugu. Errepidearen zati bat saihesten lagunduko digun lasterbide bat da. Langa zeharkatu eta bertatik joko dugu. Bide honek zuzen gora egiten du pinu artean, eta laster errepidera irtengo gara berriz (30’).

URKIAZELAI
Errepidea gurutzatu eta parean dugun porlanezko bidetik jarraituko dugu igotzen. Urkiazelain gaude. Bi aterpe pribatu daude bertan, bata ezkerrean eta bestea eskuinean. Zertxobait aurrerago porlana bukatzen da eta bidea bitan banatzen da. Guk ezkerrekotik jarraituko dugu, gehien igotzen denetik alegia.
Nahiko bide aldapatsua da, eta ezagun du jende asko ibiltzen dela bertatik. Beste zenbait biderekin gurutzatuko gara, baina guk beti zuzen igotzen jarraituko dugu mendi gaina harrapatu arte.

IRUIA (772 m.; 45’)
Mendi gainean Kortazartik (Karakate) datorren bideari elkartuko gatzaizkio, mendebal-hego-mendebalderantz jarraituz. Iruia izeneko parajean gaude, eta Atxolin aurrez aurre dugu. Trikuharri bat dago inguruetan.
Iruiako laugunea zeharkatu eta igotzen hasiko gara. Lehenengo aldapa gainditu ondoren mendi gainetik eskuinalderantz urruntzen duen bide bat ikusiko dugu. PR-Gi 109 ibilbidearen marka txuri-horiek bide hau jarraitzen dute Atxolin hego-mendebaldetik inguratzeko. Guk zuzen igotzen jarraituko dugu, lehen baino aldapa gogorragoarekin, tontorrera iritsi arte.

ATXOLIN (841 m.; 55’)
Kohete itxurako buzoia, erpin geodesikoa eta trikuharri bat daude tontorrean.
Hegoalderantz jaisten hasiko gara eta berehala bidezidor bat aurkituko dugu. Bide honek Azkoin lepora jaitsiko gaitu (800 m.). Pago artean ezkutatuta tumulu bat dago. Eskuinaldera egingo dugu zertxobait Atxolin inguratzen duen bidearekin elkartzeko, eta bertatik jarraituko dugu ezkerrerantz, mendebalderantz.

PAGOBEDEINKATU (800 m.)
Pagobedeinkatuko tumuluaren ondotik igaroko gara, eta zertxobait aurrerago Pagobedeinkatuko gurutzea ikusiko dugu bidearen ezkerraldean. Tarte batetan, bata besteari paralelo diren zenbait bide daude, denek pixkanaka gorantz egiten dute. Berdin dio guk zein hartzen dugun denak toki berera doaz eta. Aukeratutako bidearen arabera Naasiko Goena trikuharriaren ondotik igaroko gara.
Tarte lau labur baten ondoren pagadi batetan sartuko gara. Adi! Jende askok bide okerra hartzen du toki honetan. Marka txuri-horiei jaramon eginez pagadian gora egiten duen bidetik jo behar dugu. Pagaditik irtetean ezkerrerantz igotzen jarraituko dugu belarrezko aldapa gogor batetatik.
Aldaparen bukaeran, garo artean eskuinaldera irteten den bide bat ikusiko dugu. Bide hau Kurutzebakarrera doa zuzen-zuzen. Guk bide nagusitik jarraituko dugu Kurutzebakar iparraldetik inguratuz. Tarte lau labur baten ondoren berriz ere gorantz egiten du bideak, baina ez lehen bezain besteko aldaparekin, lepo batetara iritsi arte. Kurutzebakar gure eskuinean dago. Ezkerrerantz doazen bi bideetako edozeinetatik jarraituko dugu. Batek pinudiaren ertzetik aurrean dugun muino txikia igotzen du, eta besteak muino hau eskuinetik inguratzen du. Arribiribilletako trikuharria dago muino honen gainean.

IRUKURUTZETA (899 m.; 1h15’)
Bata zein bestea hartu, beste zelaigune batetara iritsiko gara. Irukurutzetako gurutzeak eta erpin geodesikoa begi bistan ditugu. Trikuharriaren ondotik pasatu eta berehala gara tontorrean.
Hego-mendebalde norabidearekin jaisten hasiko gara, eta bide aldapatsu bat aurkituko dugu. Bide honek denbora gutxian Keixeta lepora eramango gaitu (752 m.). Izen bereko trikuharri bat dago. Lepo honetan bide asko elkartzen dira. Eskuinalderantz, mendebalderantz, izeien artean bidezidor bat abiatzen da. Bertatik joko dugu, zertxobait jaisten, bide handiago batekin elkartu arte. Bide honetatik jarraituta laster Pol-pol iturrira iritsiko gara.

POL-POL (740 m.; 1h25’)
Iturriaren goialdetik pasatu, errekastoa zeharkatu eta aldapa labur gogor bat igo beharko dugu. Tarte batez bidea laua da, baina laster gora-behera batzuk egiten ditu. Aldapa bat igo ondoren, eskuinalderantz igotzen jarraitzen duen bide bat ikusiko dugu, baina guk bide nagusitik jarraitu behar dugu, aldapan behera tarte labur batez.
Beste aldapa bat igo ondoren lepo txiki batetara iritsiko gara (1h35’). Hemen ere eskuinalderantz igotzen den beste bide bat dago, baina honi ere ez diogu jaramonik egin behar. Hezi bat zeharkatu eta pinudi baten ertzetik mendebalderantz jaisten den bidetik jarraituko dugu.
Aldaparen barrenean berriz ere hezia zeharkatu behar dugu, eta beste bide bati elkartuko gatzaizkio. Pixkanaka gorantz egingo dugu bidegurutze batetara iritsi arte. Ipar-mendebalderantz doan hartxintxarrezko bidea hartuko dugu. Kilometro erdiz laua da bide hau, Edurdungo baserriaren gainaldetik igarotzen da, eta eskuinerako bihurgune baten ondoren jaisten hasten da.
Bide hau Aseginolatza-zahar baserrira doan porlanezko errepidearen bihurgune batetan bukatzen da. Errepide honetan behera eginez, Txurruka eta San Andres auzuneak lotzen dituen errepidera irtengo gara. Eskuinerantz eginez, aldapan behera jarraituko dugu San Andresera iritsi arte (2h20’).