Ganuzatik Sartzaletara

Enviado por inaxio el 2006, Abril 7 - 22:11.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zaila
Lurraldea Nafarroa
ABIAPUNTUA Ganuza
Esquema Ganuza - Santiago ermita - Sartzaleta - Puerto Nuevo - Ganuza
Relacionados »Sartzaleta (mendi) »Ganuza - Sartzaleta (track)
Gora-behera600 m
Luzera10 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Autoa herriaren sarreran dagoen aparkalekuan utzi eta herria zeharkatuko dugu. Bidea marra zuri eta horiekin markatuta dago herritik bertatik hasita ermitaraino. Laster aterako gara herritik, eta mendiak inguratzen duen ibar txiki batekin egingo dugu topo. Bidea ibar horren hondoan gora doa. Herritik abiatuko orduko ezker aldetik bereizten den porlanezko pista zuri bat bazterrean utzi eta aurrera jarraitzen duen pistari ekingo diogu. Berehala egingo dugu topo burdinazko langa batekin. Hura zeharkatu eta pista bitan banatzen da segituan: ezker aldeko bidea aukeratuko dugu oraingoan, futbol zelaiaren ondotik paseaz (gauza ondo badoa, eskubi aldeko bide horretatik jaitsiko gara ordu batzuk berandugago). Handik aurrera xenda polit bat jarraitzea aski da, ibar txiki hori inguratzen duen hormara heldu arte.

Bideak berak eramango gaitu orduan horma gainditzen lagunduko digun harriz eutsitako bideko pasarte batera, inongo zailtasunik gabe. Bideak erraz egiten du gora gero ere, baina gainera heldutakoan, harresia erabat gainditutakoan, bi aukera izango ditugu aurrera egiteko.

Bata Santiagoren ermitara jotzea da, marra hori eta zuriak jarraituz, HMko norabidean. Haitz eta ezpel artean estututako bidezidor polit bat da, aldapa handirik gabe pista zabal batera eramango gaituena, ermitatik oso gertu. Ermita dotorea ikusi (aterpe irekia ere badu) eta pista hori bera erabil dezakegu Sartzaleta aldera jotzeko. Iparraldera jotzen du honek tarte batean eta 8 bat minutu aurrerago IEra jotzeko aukera emango digun beste pista batekin elkartuko da. Pista zuzena da, hari baten antzera luzatzen dena ia Sartzaletako gaineraino. Ordu erdi inguruan helduko gara erpin geodesikoa dagoen ingururaino. Aldapa handirik ez da erpinaren inguruan eta arreta jarri beharko diozue, bidea Aramendiako porturantz jaisten hasi baino lehen bilatu behar baituzue HEan, amildegitik gertu.

Ermitakoa ez beste aukera Zologorriko zokoan gora egitea da. Hortarako ermitarako bidea bereizten deneko bidegurutzean Era jo behar dugu, pixkanaka-pixkanaka Iera joko duen bidezidorrari jarraituz. ERNE, inguru nahasi xamarra da hori eta arreta jarri beharra dago, izan ere bidezidorrak ezpelez inguratuta daude eta ez dago beste deus ikusterik (iparrorratza edo GPSa aldean izatea hobe). Bidea ez dago markatua (harripila batzuk oso tarteka) eta ez da horren nabarmena tarte batzuetan, jarraitu beharreko norabidearekin adi ibili beharra dago (GPSaren arrastoari begiratu bat eman). Bidearekin asmatuz gero, gorago aipatutako pista zuzen horrekin egingo duzue topo ordu laurden baten.

Bada itzultzeko aukera bat baino gehiago, igoerarako erabilitako bideaz gain. Bata Aramendiako portutik Aramendiara jaitsi eta handik Ganuzako bidea hartzea da (esan bezala, igoeran jarraitutako pista zuzen hura portura doa). Amildegiaren ertzari jarraitzea da bestea. Azken hau ez da erraza, ezpel eta sastraka artean ibili beharra baitago gehienean, baina neke handirik gabe ere egin daiteke, tarteka amildegiaren ertzera arrimatu eta ikusmiraz gozatzeko. Hala, bi bat kilometroz ertzari HMra jarraitu ondoren, gainontzeko haitzak baino aurrerago oldartzen den haitz mutur handi bat ikusiko duzue, erabat estraplomatutako amildegi ikusgarri bat erakusten duena (Ganuza gainean gelditzen da). Huraxe da momentua: haitz haren muturrera igotzeko aldapa hasten den lekutik gertu ertza perpendikularki ebakitzen duen pasabide estu bat topatuko duzue. Pasabide honek Ganuza aldera jaisten den bidera eramango gaitu, aldapa ez beste zailtasunik gabe.

Notes:

ERNE, antzemango zenioten honezkero baina, bide hau ez da erraza. Erantsitako GPS arrastoa ez dagokio hemen aipatzen den bideari osoki, geroztik egindako beste ibilaldi bati dagokio, baina pasarte zailenetan lagungarri gerta daitekeelakoan erantsi dut.