Kataberari itzulia Zegamako geralekutik abiatuta

Enviado por Jose el 2005, Diciembre 30 - 19:41.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zaila
Lurraldea Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Zegamako geralekua
Esquema Zegamako geralekua - Intzuzaeta lepoa - Andraitz - Arbelaitz - Artzanburu trikuharria - Biozkornia - Intzuzaeta lepoa - Zegamako geralekua
Relacionados »Arbelaitz (mendi) »Andraitz (mendi)
Gora-behera1100 m
Luzera16 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Zegamako geralekutik abiatuta Andraitzeko lepora igoko gara. Andraitz eta Arbelaitzeko tontorrak zapaldu ondoren Katabera karst eremua inguratuz Biozkorniara joango gara, handik Zegamako geralekura jaisteko.

ZEGAMAKO GERALEKUA (530 m.)

Zegamako tren geralekutik abiatuko gara, trenbidetik perpendikularki urrunduz. Bidegurutzean ezkerretara bihurgune estua hartu eta igotzen hasiko gara. Trenbidearen tunelaren gainera iritsi aurretik eskuinera bide bat irteten da. Bertatik igotzen jarraituko dugu. Langa bat zeharkatuko dugu.

Bidegurutze batera iritsiko gara. Zuzen jarraitzeko tentazioa izan dezakegu PR bide baten marka zuri-berdeek horixe adierazten baitigute, baina guk eskuineko bidea hartu behar dugu. Zertxobait aurrerako ezkerrerantz bide bat abiatzen da, baina ez diogu jaramonik egingo. Pixka bat gehiago jarraituko dugu bide zabal honetatik, eta hurrengo bidegurutzean ezkerreko bidea hartu. Laster txabola baten ondotik igaroko gara, eta aurrera beste batzuk ikusiko ditugu.

INTZUZAETA LEPOA (735 m. ; 30')

Bide honetatik jarraituz Intzuzaeta lepora iritsiko gara. Oria eta Urola ibarren banalerroan dago eta bide askoren elkargunea da. Oazurtza edo Obazurtza bezala ere ezagutzen da. GR 34 (Donostia – Arantzazu) ibilbidearekin egin dugu topo, eta tarte labur batez bide hau jarraituko dugu. Horretarako, mendebalderantz doan bidea hartuko dugu.

Lepotik 10' inguru ibili garenean, jarraitzen hari garen bideak ezkerretara bihurgune itxi bat hartzen du, eta eskuinera beste bide bat abiatzen da. GR ibilbideak eskuineko bide honetatik jarraitzen du Biozkornia lepoa baitu helburu. Ibilbidearen bukaeran hortik itzuliko gara gu, baina orain ezkerrekotik jarraituko dugu.

Eremu irekira irtengo gara. Dakargun bidetik jarraituko dugu metro batzuk eta gero eskuineko garo-sailean sartuko gara. Garo-saila zeharkatu behar dugu bere punturik altuenera iristeko. Oso nabarmena ezten arren garo-sailaren ertzean bide batek pagadian barrena egiten du gorantz, hegoalderantz. Bertatik jarraituko dugu. Gure bidearekin gurutzatzen den pista bati jaramonik egin gabe zuzen jarraituko dugu.

Laugune batetara iritsiko gara. Izeien artean harrizko hesi zaharrez eginiko bi itxitura ikusiko ditugu. Bien artetik igaroko gara. Ondoren bideak pixka bat ezkerrera egiten du, laster berriz gorantz jarraitzeko sigi-saga malda gogorra baita. Harri-pilek bide zuzenetik jarraitzen lagunduko digute.

Ondoren eskuinerantz egiten du bideak. Harri batetan “Urbia” hitza eta gezi bat ikusiko ditugu marraztuta. Dudarik gabe bide zuzenetik goaz. Laster pagaditik irten eta tarte labur batez sigi-saga egingo dugu malkar aldapatsuan gora. Jarraian bideak ezkerrerantz egiten du iturri baten ondora iritsi arte. Andraitzen hormak gertu ditugu. Eskuinerantz jarraitzen du bideak. Aldapa labur baina gogor baten ondoren lepo batetara iritsiko gara. Oraindik ezkara Andraitzeko lepora iritsi baina Kataberako karst eremuan sartzera goaz. Lapiaza, sakonuneak, kare-haitzezko tontorrak,... paisaia guztiz aldatu zaigu.

ANDRAITZEKO LEPOA (1.324 m.; 1h 50')

Zertxobait aurrerago, metro batzuk igota Andraitzeko lepora iritsiko gara. Lepo hau Igoate izenaz ere ezagutzen da, eta Zegamako artzainentzat Urbiara joateko pasabide nagusietako bat izan da.

Bideak Urbiarantz jaisten jarraitzen du. Guk Andraitzeko tontorrera igo nahi dugu, eta horretarako, lepoan bertan ezkerretara joko dugu.

ANDRAITZ (1.433 m.; 2h')

Bide garbirik gabe gora eginez Andraitzeko tontorrera iritsiko gara. Kataberako karst eremu nahasiaren ikuspegi ona dugu hemendik. Arbelaitz eta Aitxuri ere primeran ikus ditzakegu hego-ekialdean.

Ibilbidearen ondorengo helburua Arbelaitz da. Bertara joateko, hego-ekialde norabidearekin jaitsiko gara haitzetan marraztuta dauden marka horiak jarraituz. Haitzartean ibiltzerakoan garrantzitsua da marka hauek jarraitzea biderik errazena adierazten baitigute.

Sakonune bat inguratu eta belardun lepo txiki batetara igoko gara. Ezkerrean Kantuzulueta tontorra dugu (1410 m.) buzoi eta guzti. Nahi izanez gero aitaren batean igo dezakegu berriz ere lepo honetara jaisteko.

Bideak eskuinerantz egiten du, metro batzuk jaitsi eta belardira irteteko. Ezkerrerantz egingo gugu belardiaren ertzetik gorantz Lugaitzeko lepora igotzeko.

LUGAITZEKO LEPOA (1.380 m.; 2h25')

Aizkorriko mendikatearen erdian kokatuta, mendikatearen bi zatiak bereizten ditu Lugaitzeko lepoak. Ipar-mendebaldera Katabera karst eremua dago, sakonune eta tontor txiki ugarirekin. Hego-ekialdera 1500 metrotatik gorako tontorrak daude. Hauetako lehenengoa Arbelaitz da. Bertara igotzeko, tontorrerantz zuzen-zuzen joko dugu belardian gora. Haitzen barrenera iristean marka horiak aurkituko ditugu. Hauek jarraituz berehala iritsiko gara tontorrera.

ARBELAITZ (1.513 m.; 2h35')

Arbelaitzeko tontorrera igota ibilbidearen helburu nagusia bete dugun arren Zegamako geralekura bide ezberdin batetatik itzuliko garenez ibilaldi honek beste zenbait bazter ezagutzeko aukera emango digu oraindik. Ondorengo helburua Biozkornia lepoa da. Bertara iristeko Kataberako karst eremua punta batetik bestera zeharkatu behar dugu. Baina ezkara haitzartetik joango, ezkerrerago baizik belarditik, gora-behera txikiekin. Horretarako lehenik eta behin igo garen bide beretik Lugaitzeko lepora (1.380 m.) jaitsiko gara.

Mendebalderantz jarraituko dugu haitzen ertzetik beherantz, bidezidor bat jarraituz. Gure aurrean tontor txiki bat ageri zaigu. Lekunberri du izena (1.358 m.) eta buzoi bat du. Lekunberriren eskuinetik igaroko gara eta ipar-mendebalderantz jarraituko dugu. Laster buzoidun beste tontor txiki baten ondotik igaroko gara, Aizkorritxo (1.344 m.), eta zertxobait aurrerago Aizkorritxo trikuharria aurkituko dugu.

AIZKORRITXO TRIKUHARRIA (2h55')

Ipar-mendebalde norabideari eutsiko diogu, gora-behera txikiekin aurrera eginez. Leku batzutan lurrean sartutako harri lerro batek adierazten digu bidea.

ARTZANBURU TRIKUHARRIA (1.300 m.; 3h20')

Laster Artzanbururen hegoaldeko bizkar zabalera iritsiko gara, Iferrutz lepotik gertu. Artzanburu trikuharria aurkituko dugu bertan.

Ipar-mendebalderantz jarraituko dugu, zertxobait jaisten. Iferrutz lepotik Duru eta Biozkorniara doan bidearekin elkartuko gara. Laster bidegurutze batetara iritsiko gara. Ezkerreko bidea Duru eta Arantzazura jaisten da. Guk eskuinekoa hartuko dugu. Bide honek Artzanburu mendebaldetik inguratzen du Biozkornia lepora jaisteko.

BIOZKORNIA (1.200 m.; 3h35')

Biozkornian ekialderantz doan bidea hartu behar dugu. Marka zuri-gorriak daude GR 34 bidea baita. “Amabirjinaren sillie”-aren ondotik igaro eta jaisten hasiko gara. Artzain txabola batzuen hondakinak ikusiko ditugu eta zutik dagoen beste bat. Zertxobait beherago beste hiru txabola daude iturri baten ondoan. Harri Urdin saroia da.

Bide honetan GRaren marka zuri-gorriez gain PR baten marka zuri-horiak ere ikus ditzakegu. PR-Gi 66 ibilbidea da. Bidegurutze batetan bi bideak banatu egiten dira, PRa Barrendiolara jaisten baita. Guk zuzen jarraituko dugu, beti biderik garbienetik, ibilaldiaren hasieran GR bidea utzi dugun bihurgunera iritsi arte. Hemendik aurrera bidea ezaguna zaigu. Intzuzaeta lepora jaitsiko gara berehala (4h30'), eta hemendik Zegamako geralekura (4h55').