Ipuliño eta Larre, bizkarrez bizkar, Berastegitik abiatuta

Enviado por inaxio el 2005, Noviembre 21 - 22:49.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad
Lurraldea Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Berastegi
Esquema Berastegi - Ipuliño - Gorosmendi lepoa - Larre - Muga lepoa - Berastegi
Relacionados »Ipuliño (mendi) »Larre (mendi) »Larre eta Ipuliño Berastegitik (track)
Gora-behera900 m
Luzera13 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Berastegitik abiatu eta Leitzara doan errepidean gora egingo dugu lehendabizi, autobidera sartzen den errepidera gero, autobidearen azpitik pasa eta mendian gora abiatzen den pista zabala hartzeko. Pistan gora egin eta 10 bat min aurrerago eskubi aldetik abiatzen den porlanezko bide zabal batekin egingo dugu topo: hari jarraituz etxe bakan batzuek osatzen duten auzo batera helduko gara. Etxe hauen sarbideak bartertuz gero, bi aukera ditugu aurrean: pista nagusari jarraitzea ezker aldera joz edota ordura arteko norabideari jarraituz lurrezko pista bati jarraitzea. Bigarrena aukeratuko dugu Ipuliñoren zeharkaldi osoa egiteko. Honela, bertan burdinazko langa bat pasa eta pistak aurrera egiten du, gero eta aldapa handiagoa bilatuz. Aurrerago (langatik ~10 min.ra) pista bitan banatzen da; guk ezkerretik joko dugu eta beste 5 min.ren buruan borda luze baten horma urratuak eta pago motzez osatutako pagadia biltzen dituen paraje batera helduko gara. Bidea bertan bukatzen dela ematen du, baina ez da hala; pagadia zeharkatu eta aldapan handian gora egiten du tarte batean, baina halako batean, aldapa leundu eta mendia inguratzera jotzen du. Huraxe da (adi!, bada arrastoa) hura utzi eta zuzenean gora egiteko unea. Hasierako arrastoa pagadian galtzen da gorago, baina zuzenean gora egitea aski da 10 min.ren buruan tontorra inguratzen duten haitzak ikusteko. Bidezidor batek eramango gaitu gainera eremu zakarrena ezker aldetik saihestuz.

IMko hegiari jarraituz utziko dugu tontorra, pinu artetik tarte batean, eta pagadian barrena gero, bizkarraren ertza eskubi aldetik saihestuz. Laster alabre hesia pasa eta pista zabalago batekin egingo dugu topo: lehengo auzo dotore hartan bazterrean utzitako pista nagusia da, bizkarreraino heldu dena. Horixe da aukera bat; guk hura utzi eta aurrera egingo dugu, hegiaren bizkarrari jarraituz. Bidezidor estu batek lagunduko digu bidean, oztopo handirik gabe, Gorosmendi aldera. Halako batean, ertza harrotu eta haitzak nabarmentzen hasten direnean, bidezidorrak behera egiten du, Gorosmendiko lepora jaitsiz poliki-poliki. Bada aterpe txiki bat bertan, atseden hartzeko leku aproposa da.

Aurrez aurre dugu ordea Larre mendiaren HEko bizkarra, haitz mutur batzuekin atondua. Pista zabal batek jotzen du beregana, aldapa eskubi aldetik saihestuz. Handik abiatuko gara, baina pinudian sartu orduko eskubi aldetik abiatzen den bidezidorra bilatuz, bizkarrean gora zuzenean igotzeko. Bidezidorrak ehiza postuen lerroa jarraituz egiten du gora, oztoporik gabe, pinu eta txillar artean. Konturatu orduko aldapa leundu eta pinu artetik aterata Salontxon ermita eta bera inguratzen duen pagadi txikikiarekin egingo dugu topo. Eguneko ikuspegi politena izan daiteke hura, baina aurrera eginez gero laster ikusiko dugu gauzarik zatarrena ere, haren atzean dagoen antena instalazio itsusia.

Tontorreko lanak egin eta IMko hegiari jarraituko diogu, bidezidor atsegin bati jarraituz, bizkarretik gehiegi aldendu gabe. Hala helduko gara Axeri Gain aldeko larreetara lehendabizi (ehiza postuak berriro) eta Mugako lepora gero.

Mugako lepotik behera abiatzean autobidea saihesteko modua bilatu behar dugu, haren beste aldean dagoen pista zabalera heltzeko. Elduain aldera jotzea da errazena, han baitago autobidea azpitik zeharkatzen duen tunela. Tunela pasa eta Berastegi aldera jotzen duen pistari jarraitu behar diogu (ezkerrera), autobidearen paretik lehendabizi, eta aldapan behera gero, bide nagusiari jarraituz, poliki-poliki Berastegiko errepidera jaitsi eta handik herrira itzultzeko.

AdjuntoTamaño
larre-ipulino.gpx52.53 KB