Rutas: Joan-etorria bide beretik

Lurraldeak

Ibilbide mota

Enviado por Jose el 2007, Septiembre 1 - 11:33.
Categorías Huesca
ABIAPUNTUA Formigal
Esquema Formigal - ipar-mendebaldeko lepoa - bi tontorren arteko lepoa - Foratatako mendebaldeko tontorra

Foratatak bi tontor nagusi ditu. Mendebaldekoak, garaiagoa den ekialdekoak ez bezala, nahiko igoera erraza eskaintzen du. Hemen azaltzen den ibilbidea Formigaletik abiatzen da, eta Foratatak hego-mendebaldera erakusten dituen horma malkartsuak ipar-mendebaldeko lepotik ekidinez, gandorra zeharkatu eta bi tontorrak banatzen dituen lepoa bilatzen du, handik mendebaldeko tontorrera igotzeko.

Enviado por Jose el 2007, Agosto 13 - 20:09.
Categorías Nafarroa
ABIAPUNTUA Uharte-Arakil
Esquema Uharte-Arakil - Uharte-Arakileko portua - Beriain

Lehenengo begiratuan ezinezkoa dirudien arren, Beriainen iparraldeko amildegi ikusgarriak gainditzea ez da batere zaila. Uharte-Arakiletik abiatzen den bide bat amildegia hain malkartsua ez den tarte batetaz baliatzen da mendi-gaineko larreetara pasabidea aurkitzeko. Malda handia da, baina ez dago bestelako zailtasunik. Oso erabilia denez mendizaleen oinek bide garbia ireki dute, eta erreza da bide zuzena jarraitzea.

Enviado por Jose el 2007, Agosto 9 - 22:32.
Categorías Huesca
ABIAPUNTUA Selva de Oza
Esquema Selva de Oza - aterpea - Gaztelura sartzeko ataka - Acherteko Gaztelua

Inguruan altuagoak diren tontor asko izan arren, mendizale asko erakartzen ditu Acherteko Gazteluak. Eta ezta gutxiagorako. Bere geologia bitxiak edonoren arreta bereganatzen baitu. Lur gorri-gorria eta kare-haitza tartekaturik, eta hormatzarrak. Alde guztietatik begiratuta ere gaindiezinak diruditen hormek bailara berde txiki bat gordetzen dute. Izan ere, benetako gaztelu baten itxura du. Izena aproposa du, zinez.

Badago ordea bertara sartzerik. Hego-mendebaldeko hormek zirrikitu bat dute, zailtasunik gabe Gaztelu barrura sartzeko atea. Eta mendi-tontorraren berezitasuna gutxi balitz, Selva de Ozatik igotzen den bidea oso polita da. Lehenengo zatian baso eder bat zeharkatzen da, eta ondoren, Gazteluaren eta inguruko mendien ikuspegi ederra eskaintzen duen belardi batetan zehar gerturatzen da, Gazteluko hormei erasoa jo aurretik.

Enviado por Jose el 2007, Agosto 7 - 18:27.
Categorías Huesca
ABIAPUNTUA Ozatik Aguas Tuertasera igotzen den bidea
Esquema Aguas Tuertas - Escalé lepoa - Estanes aintzira

Aguas Tuertas goi-lautada bitxiak jende asko erakartzen du Aragón Subordán errekak sortutako bata bestearen segidako meandroak bertatik bertara ikustera. Eta ohikoa da ibilaldia Estanes aintzirara joanez luzatzea.

Enviado por Jose el 2007, Julio 7 - 20:37.
Categorías Huesca
ABIAPUNTUA Canfranc
Esquema Canfranc - Ip aintzira - Canfranc

Pala de Ip eta Collarada artean kokatuta, ekialde-mendebalde norabidea duen bailara txiki bat da Ip bailara. Goialdeak jatorri glaziarra du, aintzira eta guzti. Behealdea berriz errekak sakon landua izan da denboraren joanean. Ip errekak Aragoi ibaiari eskaintzen dizkio bere urak Canfranc herria baino zertxobait gorago, eta inguru horretan bailaran gora aintziraraino doan bidezidor polit bat abiatzen da. Basotik hasieran, eta goi-larreetan gero, galerarik ez duen bideak bailararen bukaera osatzen duen zirkura eramango gaitu. Aintzira inguratuz, La Tronquera, Pala de Ip, Punta Escarra, Hombro de Escarra, Punta del Águila, Pala de Alcañiz, Los Cuchillares, Peña Nebera, El Fraile eta Collarada mendiek osatzen dute Ipeko zirkua. Ip aintzira hauetako edozeinetara igotzeko abiapuntua izan daiteke.

Enviado por Jose el 2007, Mayo 21 - 00:27.
Categorías Nafarroa
ABIAPUNTUA Utzi mendatea
Esquema Uitzi mendatea - Oringo iturria - Launtzeko lepoa - Ireber

Uitzi mendatea Ireberrera igotzeko abiapuntu egokia da. Bide luze xamarra baina gora-behera txikikoa eskaintzen du. Ibilbidearen lehenengo zatian pagoz estalitako mendi-bizkar luzexka bat jarraituko dugu Ireberrera gerturatzeko, eta bigarren zatian basoa eta larreak tartekatuz Ireberreko kasko harritsua bilatuko dugu inguruko tontor apalagoen artean.

Enviado por inaxio el 2007, Mayo 13 - 10:23.
Categorías Nafarroa
ABIAPUNTUA Iriso
Esquema Iriso - Sanmigelbizkar - Iriso

Iriso herriaren goi aldetik (egiozue bisita eskubi aldean gelditzen den ermitari) abiatzen den pista zabala hartu behar dugu. inguruko soroetara jotzen duten adarrak bazterrean utzita laster pasako gara abereentzako sortutako uharka baten aldamenetik.

Pista zabal horri jarraituko diogu puska batean. Gorago, bihurgune bat pasa eta 500 metro ingurura, eskubi aldetik bereizten den gurdibide nabarmen bat bilatu behar dugu. Orduan bide nagusia utzi eta hari jarraituko diogu beste 500 bat metrotan. Gurdibidearen arrastoari jarraituz tontorraren hegoaldean dagoen zabalgune batera helduko gara. Han tontorrerantz jo behar dugu, eta harripilaz markatuta dagoen arrastoa bilatu. Arreta jarri beharra dago, izan ere arrastoa nahiko arina da eta bidea oso bihurria, ezpel artean itota tarte askotan. Harripilak ikus daitezke han-hemenka (2007-5-12).

Enviado por inaxio el 2007, Mayo 1 - 00:24.
Categorías Nafarroa, Zaragoza
ABIAPUNTUA Salvatierra de Esca
Esquema Salvatierra de Esca - Virgen de Peña

Salvatierra de Esca-tik Burgira abiatzen den errepidea hartu eta Kilometro batera, bihurgune itxi bat pasa eta berehala, Virgen de Peña jartzen duen letrero bat ikusiko duzue, pista zabal baten hasieran. Pistaren hasieran bertan bada autoa uzteko lekua, bazterrean.

Pista zabal horri jarraituko diogu tarte batean: muino bat eskubitik inguratu eta bidegurutze bat topatuko dugu hamar minuturen buruan. Ezker-eskubikoak bazterrean utzi eta erdiko bidetik joko dugu gora, pistan zabalean aurrera oraindik ere. Bost bat minutu aurrerago ordea, pistak ia 180ºko bihurgune itxi bat egin eta ezker aldera jotzen du, berehala eskubi aldera egiteko hurrengo bihurgunean. Bigarren bihurgune honetan harripilaz markatutako bidezidor bat abiatzen da aldapan gora.

Enviado por Jose el 2007, Marzo 31 - 21:00.
Categorías Huesca
ABIAPUNTUA Taxera
Esquema Taxera - Chandalán haitzartea - Atxar de Alano

Zurizatik begiratuta Alanoek gaindiezinak badirudite ere, oso igoera laburra eta zailtasunik gabea eskaintzen dute atzealdeko goi-ibarretik. Hara iristeko Chandalán haitzartea da pasabide erabiliena. Haitzarte horren ondoan egonik, Atxar de Alanora igoera erraza, laburra eta atsegina da, eta ikusmira eder batetaz gozatzeko aukera ematen du.

Enviado por Jose el 2007, Marzo 21 - 20:52.
Categorías Hautes-Pyrénées, Huesca
ABIAPUNTUA Pineta bailara
Esquema Pineta - Pinetako balkoia - Marboré aintzira - Astazou lepoa - Astazou Txikia - Astazou Handia - Marboré aintzira - Pinetako balkoia - Pineta

Pinetako bailara glaziar ederraren inguruan 3.000 metrotatik gorako tontor bat baino gehiago dago, Perdido eta Munia esaterako. Hauetako edozeinetara joateko abiapuntu egokia izan daiteke Pineta, baina kontutan izan beharrekoa da igo behar den altuera. Hemen azaltzen den ibilbideak Astazouko tontor bikoitza du helmuga.

Bertara iristeko bidea luzea eta gogorra da, baina baita ederra eta entretenigarria ere. Ikusgarria ikuspegi ederrak eskaintzen dituelako: Pinetako zirkua, Cinca urjauzia, Perdidoko glaziarra, Gavarnieko zirkua... Eta entretenigarria etengabe aldatzen den bidea delako: hasieran basoan zehar, gero Pinetako Balkoira bidean bidezidor batetan sigi-saga, Marboré aintziraren inguruko paisaia soila, hartxingadia Astazou lepora igotzeko, gandor zorrotza Astazou Txikitik Handira bidean,... Gainera sarrioak gertutik ikusteko aukera ona izan dezakegu, paraje hauetan jende gutxi ibiltzen denez sarrioak lasai bazkatzen baitira.